Euskara sustatzeko hitzarmena sinatuko dute Udalak eta Foru Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 9a, 14:10

Hil honetako udalbatzarrean ahobatez onartu dute bi erakundeen arteko hitzarmenaren edukia

Hitzarmenaren iraupena bost urtekoa da eta epe hori beste bost urtez luzatzeko aukera dago

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak bien arteko harreman guztietan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmenaren edukia hil honetako osoko bilkuran ahobatez onartu dute Udalbatzan.

Hitzarmenaren iraupena bost urtekoa da. Gainera, epe hori beste bost urtez luzatzeko aukera dago.

Gipuzkoako Foru Aldundia bere euskara plana garatzen ari da, baita Azpeitiko Udala ere. Sinatuko duten hitzarmenak, bi erakundeen artean gertatzen diren ahozko eta idatzizko harreman guztien jarraipena egitea ahalbidetuko du. Hori egiteko, Foru Aldundiak eta Udalak jarraipen batzorde bat sortuko dute. Batzordeak neurri zuzentzaileak ezarriko ditu bi erakundeen arteko harremanetarako hizkuntza bakarra euskara izan dadin. Hitzarmeneko puntu batean zehazten denez, batzorde horretan erakunde bakoitzetik gutxienez bi ordezkarik hartuko dute parte, eta urtean hirutan elkartuko dira. «Nolanahi ere, bilera bakoitzaren ondoren, berri zehatza emango zaio euskara kontuetan ardura duen erakunde bakoitzeko arduradun politikoari», zehazten da hitzarmenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak, hitzarmen honekin, euskararen erabilera zabaldu eta indartzeko lankidetza indartu eta sakondu nahi dute. Hitzarmenean esaten denez, «elkarren arteko harremanetan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskararen erabilera eta euskarazko produkzioa bultzatuko dute» bi erakundeek, «arian- arian ahal den guztietan, eta beharrezko diren baliabideak jarriko dituzte elkarren artean idatziz eta ahoz zein harreman dituzten identifikatzeko eta, euskara sustatze aldera, neurri zehatzak proposatzeko».

Gero, gainontzeko herrietara

Azpeitiko Udalarekin egingo duen hitzarmena baliatuz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan egin beharreko egokitzeak egin ondoren, Gipuzkoako gainontzeko udalerriekin ere euskararen erabilera sustatzeko horrelako hitzarmenak egitea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa.

Bi erakundeen arteko harreman hizkuntza bakarra euskara izango da, bai langileen artekoa eta baita arduradun politikoen artekoa ere. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko herritarrekin harreman zuzenak dituenean harreman horiek euskara hutsez bideratuko ditu. Horren ondorioz herritarren batek jaso duen komunikazioaren itzulpena eskatuko balu, Azpeitiko Udalaren ardura izango litzateke itzultzea. Era berean, Azpeitiko Udaletik Foru Aldundira bidalitako euskarazko dokumentuak gaztelaniaz ere behar badira Foru Aldundia arduratuko litzateke itzulpenaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide