LTDa Urrestilla eta Soreasura ere iritsi da

Uztarria.eus 2009ko urr. 9a, 19:10

Atzoz geroztik kobertura digitala eskaintzen du Lepasoroko antenak

Biztanleei proba egiteko aholkatu diete Udaletik, emisioa benetan jasotzen duten ala ez jakiteko

Urrestillara eta Soreasura ere iritsi da Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) seinalea. Udaletik adierazi dutenez, atzoz geroztik ikus daiteke LTDa bi guneotan.

Urrakiko bidean dagoen Lepasoroko antenatik jasotzen dute telebista seinalea Urrestillan eta Soreasun. Antena horretan beharrezkoak ziren egokitzapenak egin dituzte eta, ondorioz, Urrestillan eta Soreasun LTDaren emisioa jasotzeko arazorik ez lukete izan behar. Hala ere, bi guneotako biztanleei ahal dutela proba egiteko aholkua eman die Udalak, emisioa benetan jasotzen duten ala ez jakiteko; eta, arazoren bat izanez gero, Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.

Itelazpi sozietate publikoa ari da LTDa Azpeitiko udalerriko gune guztietara iritsi ahal izateko egokitzapen lanak egiten. Joan den maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen Udalak hori bideratzeko hitzarmena.

Oraindik gelditzen dira LTDa ez duten guneak baina, aipatutako hitzarmenaren arabera, 2010eko apirilerako aurrikusita dagoen itzalaldi analogikoa iritsi aurretik udalerri osoan ikusiko ahal izango da Lurreko Telebista Digitala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide