"Jai egun arrotzei marra gorria, ikasleok intsumisioa" leloa hartuta Herri Eskolak egin zituzten herenegun Azpeitiko Ikasberri Ikastolan. Han, ikasleek antolatutako egitaraua jarraitu zuten hainbat ikastetxetako 50 ikasle inguruk. Goizeko 8:30ean hasi zuten Herri Eskola, gosalduz. 10:00etan, 1512-2012 Nafarroako historia eta konkista gai hartuta hitzaldia izan zuten ikasleek. 12:15ean, Gazte Topaketak aurkeztu zituzten eta Askapenako brigadista batek Palestinan bizi izandako bizipenak kontatu zizkien. Herri Eskola bukatzeko, 14:00etan, elkarretaratzea egin zuten Azpeitiko anbulatorio aurrean.