Fernando Morillo, Euskadi Literatura Sarietako finalista

Uztarria.eus 2009ko urr. 19a, 18:10

Fernando Morillo idazlea /

Leonardoren hegoak liburuari esker izendatu dute, haur eta gazte literaturaren arloan

2003an eman zioten Morillori Euskadi Saria arlo berean, Izar-malkoak lanagatik

Euskadi Literatura Sarietako epaimahaiak euskara eta gaztelaniazko, haur eta gazte literatura, itzulpengintza, eta ilustrazioko Euskadi Sarietako liburu finalistak aukeratu ditu. Finalista horien artean, haur eta gazteei zuzendutako literatura arloan Fernando Morillo azpeitiarra dago, Leonardoren hegoak liburuarekin. Finalisten artean, Morilloz gain, Juan Kruz Igerabide, Eider Rodriguez eta Ruben Ruiz hautatu dituzte. Hauen artetik aukeratuko dute irabazlea eta azaroaren 24an izango da sari banaketa.

Morillok iaz aurkeztu zuen Leonardoren hegoak lana. Idazlearen webgunean liburuaren gaineko hainbat informazio eskura daiteke, Morilloren iruzkina eta guzti.

Aurtengoa eskuratuz gero, bigarren Euskadi Saria litzateke Morillorentzat, 2003an irabazi baitzuen, hura ere haur eta gazte literaturaren arloan, Izar-malkoak liburuarekin.

Fernando Morillo Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkarian kolaboratzaile jardun zen, hasierako zenbakitik 2003ko abuztua arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide