Azpeitiak hasierako maila hobetu du Kontseiluaren udalerrien hizkuntza politikaren neurketan

Uztarria.eus 2009ko urr. 21a, 13:10

Zerotik hamarrera, 8,85 puntu lortu ditu Azpeitiak hizkuntza politikaren neurketan

Puntuazio altuena duen udalerria izaten jarraitzen du,10.000 biztanletik gorako udalerrien artean

Kontseiluaren udalerrietako hizkuntza politikaren azken neurketan, Azpeitiak bere maila hobetu du. Zerotik hamarrera 8,85 puntu lortu ditu eta horrenbestez, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean puntuaziorik altuena izaten jarraitzen du Azpeitiak.

Kontseiluak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ehundik gora neurketa egin ditu eta horietako 30 UEMAko udalerriak dira. Lehenengo postuak lortu dituzten udalerriak UEMAn daude. Azpeitia ere UEMAko udalerria da 2008tik eta egun, 12.postua lortu du, 8,85 punturekin.

Kontseiluak 2007.urte hasieran zabaldu zituen hizkuntza politika aztertu ondorengo datuak udalerrietan. Orduan, 10.000 biztanletik gora zituzten udalerrietan soilik egin zuen neurketa Kontseiluak, eta Azpeitiak lortu zuen puntuazio altuena: 6,82. Azken neurketa saioan, berriz, biztanle gutxiago dituzten udalerrietan ere egin du neurketa.

Horregatik egin du Azpeitiak sailkapenean atzera. Hala ere, puntuazioak gora egin du, 6,82etik 8,85era. Bi puntuko gorakada izan du hiru urtean.

Azpeitiak 13.708 biztanle ditu guztira, euskaldunak % 87.80 dira eta % 7 ia-euskaldunak.

Puntuazioak arloka ezberdinak izan dira, eta hauen bataz-bestekoaren emaitza da Azpeitiari dagokion puntuazio orokorra:

Erabaki orokorra: 0,91

Hizkuntza paisaia: 0,78

Udal langileak: 3,60

Udalaren komunikazioa: 0,70

Beste zerbitzuak eta azpikontratak: 0,74

Udalaren kultur ekintzak: 0,89

Hezkuntza: 0-3urte:---

Euskalgintza: 0,33

Merkataritza eta lan mundua: 0,46

Kirola eta aisia: 0,46

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide