Asisko Urmeneta, Udal Euskaltegiaren 25. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 22a, 11:10

Komikilari nafarrak gaur emango du hitzaldia, 15:30ean, Azpeitiko Udal Euskaltegian

Urmenetaren gaurko hitzaldia bereziki euskara ikasten ari direnei eta euskaldunberriei zuzendutakoa da

Azpeitiko Udal Euskaltegiaren 25. urteurreneko ospakizunen baitan, gaur Asisko Urmenetaren hitzaldia antolatu dute, 15:30ean, Udal Euskaltegiaren egoitzan, Perdillegi 1ean. Urmenetak, "Cómo aprender euskera en 40 años y un día, fácilmente" izenburupean emango du hitzaldia. Nafar komikilaria marrazkiekin lagunduta ariko dabere jardunean, eta umorerik ere ez da faltako, hitzaldiaren izenburuak iragarri bezala.

Urmenetaren gaurko hitzaldia bereziki euskara ikasten ari direnei eta euskaldunberriei zuzendutakoa da, baina nahi duten herritar guztientzako ateak zabalik egongo dira Euskaltegian.

Egitarau berezia

Hasi berri den ikasturtean, Azpeitiko Udal Euskaltegiak sortu zela 25. urte beteko ditu. Hori dela eta, ikasturte honetan ekitaldi berezien egitarau bat eskaini nahi du. Asisko Urmenetaren hitzaldia izango da egitarau berezi horretako lehen ekitaldia. Euskaltegiko arduradunen esanetan, datozen hilabeteetan ere izango dira hitzorduak eta, aurreneko hau bezala, ekitaldi guztiak irekiak izatea da asmoa. Aurreratu dutenez, Euskal Antzerki Topaketen barruan kokatuko da hurrengo hitzordua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide