Nagore Aranburuk ETBko 'Ipupomamua' saioa aurkeztuko du

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 23a, 12:10

Nagore Aranburuk aurkezle lanak egingo ditu ETBko saio berrian

ETB3n ostegunetan emango dute saioa, eta ETB1en ostiraletan

Nagore Aranburu azpeitiarrak aurkeztuko du Ipupomamua, haur literatura zabaltzeko asmoz sortu duten ETBko programa berria. Ipuina, poema, marrazkia eta mamua batzen dituen hitza da Ipupomamua, Bernardo Atxagak asmatutakoa. ETB3n ostegunetan emango dute saioa, 21:35ean; eta ETB1en ostiraletan, 19:30ean.

On Timek ekoitzitako saioaren helburua ipuinekin gozatzea da. Ipuinak entzun, ikusi eta bizitzeko aukera eman nahi dute, irakurzaletasuna bultzatzearekin batera. Horretarako,astero gai bat aukeratuko dute, eta Nagore Aranburu bere txirrindarekin hainbat lekutara joango da. Astero tarte finkoak azalduko dira saioan; esaterako, Mamu Muniategindikotxea ilustratzailearena eta zinemarena, Andres Gostin irakasle azkoitiarrarekin.

Programa bakoitzak 25 minutu iraungo ditu, eta aurreneko denboraldi honetan 35 saio egingo dituzte. Atal batzuk monografikoak egin nahi dituzte idazle-ilustratzaileekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide