Zaborraren, uraren, estolderiaren eta Kirol Patronatuko prezioak igoko ditu Udalak datorren urtean

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko urr. 23a, 20:10

Atzo onartu zituzten, aho batez, 2010erako Udal tasa eta zergak, ezohiko udalbatzarrean

Lau tasa ez beste tasa, zerga eta prezio publiko guztiak bere horretan utziko ditu Udalak

Udalbatzak aho batez datorren urterako Udal tasa eta zergak onartu zituen atzo, ezohiko udalbatzarrean. Aurtengoekin alderatuta, "orokorrean" zerga, tasa eta prezio publikoak ez dituzte aldatuko. Baina, zaborraren, uraren eta estolderiaren tasak eta Kirol Patronatuko prezioak igo egingo dituzte. Zaborrarena %7,5 igoko da; urarena kontsumoaren arabera progresiboki igoko da; estolderiarena zentimo bat igoko da, metro kubikoko; eta, Udal Kirol Patronatuko tarifak %3 igoko dira. Igoera, "datorren urtean ere, sarreren eta gastuen arteko aldea bere horretan mantentzeko" egingo da, Julian Eizmendi alkatearen (EAJ) arabera.

Datorren urtera begira, Udalak zaborragatik eta uragatik kontsortzioei gehiago ordaindu beharko diela esan du alkateak: "Igoera horiei aurre egiteko, sarrerak ere igo egin behar izan ditu Udalak. Datorren urtean ere, gastuen estaldura portzentaia bere horretan mantentzeko". Alkateak dioenez, "krisialdi egoera honetan azpimarratzekoa da talde guztiek egindako ahalegina, bai ezinbesteko igoera soilik egiteko, eta baita, hobariak ezarriz, diru sarrera gutxien dituztenak laguntzeko".

Egungo krisi egoeraren aurrean, hautetsi independentistek, EAkoek eta Aralarrekoak ere egokia ikusten dute zergak ez igotzea. Xanet Esnaola hautetsi independentistak esan duenez, uraren igoera kontsumoaren araberakoa izatea egokia da: "Ura ondasun urria da, eta kontsumo arduratsua izatea bultzatu behar dugu". Baina, zaborraren tasa igotzeaz "kritiko" azaldu dira hautetsi independentistak: "Kontsortzioak Lapatxera zaborra botatzeagatik kobratzen duen tarifa ia bikoiztu egingo du. Kontsortzioak, erraustegian onarritutako zabor politika zehatza bultzatzen du. Gu filosofia horrekin ez gaude ados. Gure ustez, zabor gutxiago sortu eta birziklapena bultzatu behar da. Gainera, atez ateko bilketa da sistema eraginkorrena".

EAko Manuel Unanueren ustez, Kirol Patronatuaren kasuan "autofinantziazioa handitu" egin beharko litzateke.

Erabakia Udabaltzan aho batez onartzea "positiboa" dela dio alkateak. Aralarreko Juan Karlos Arellanoren ustez, honek gauzak adosteko gai direla erakusten du.

2010 urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoak

  • Orokorrean, zerga, tasa eta prezio publikoak ez dira aldatuko 2010ean. Zaborraren, uraren eta estolderiaren tasak eta Udal Kirol Patronatuko prezioak igoko dira.
  • Igoko direnak
    • Zaborraren tasa. %7,5 igoko da, urteko 6,18 euro. Aurtengo etxebizitzako zaborraren tasa 82,42 euro da; datorren urtean 88,60 euro izango da. - Udalari Kontsortzioak zaborraren isurketa zerbitzua %19 igoko dio 2010ean.
      • Konpostatzeko programan izena emanda dutenentzako hobaria aurreikusi du Udalak. Hauek 6,18 euroko hobaria izango dute 2010ean.
    • Uraren eta estolderiaren tasak. Uraren tasak igoera progresiboa izango du, kontsumoaren arabera.
      • Kuota finkoak ez du igoerarik izango, igoko dena kontsumitutako metro kubikoaren prezioa da.
      • Estolderiaren tasa zentimo bat igoko da, metro kubikoko.
      • Etxe erabileran kontsumitutakoaren araberako hiruhileko erreziboa honela geldituko da:

        Kontsumoa-m32009an
        (eurotan)
        2010ean
        (eurotan)
        Aldea
        (eurotan)
        Aldea %
        028,8928,890,00%0,00
        1031,9932,300,31%0,98
        3038,1839,130,94%2,47
        5061,9365,853,92%6,34

      • Gaur egun, abonatuen %85ek 50 metro kubiko baino gutxiago kontsumitzen dute.
      • Ur kontsortzioak, datorren urtean Udalari ur metro kubiko bakoitzeko %3,95eko igoera ezarriko dio. Eta, azpiegiturei dagokionari %14,63ko igoera ezarriko dio.
    • Udal Kirol Patronatua. Patronatuko bazkidetzako prezioak %3 igoko dira, baita Patronatuak zuzenean eskaintzen dituen zerbitzuen eta ikastaroen prezioak ere.
      • Familia ugarien kasuan hobaria aurreikusi da. Familia ugari bateko hiru seme-alaba edo gehiago hilabete berean ikastaroetara joaten badira, familiako gazteenak hilabete horretako ikastaroa doan izango du.



Tasak ordaintzeko diru laguntzak

  • Diru laguntzak emateko agintaraua. 2010etik aurrera zaborraren, uraren eta estolderiaren tasak ordaintzeko diru laguntzak emango ditu Udalak. Horien agintaraua egin eta hasierako onespena eman dio Udalak. Agintarauaren arabera, diru iturri txikiak dituzten familia unitateek aurrez aipatutako tasak ordaintzeko hobariak izango dituzte. Urte hasieran aurkeztuko dute ordenantza berria eta orduan azalduko dute zehatz. Ordurako behin betiko onartuta izatea espero dutelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide