Azpeitiko eta Hazparneko udalak bi herrien arteko senidetasuna sendotzeko asmoz harremanetan dira iazko udaratik eta, horren ondorioz, Azpeititik hara irteera antolatu dute azaroaren 14rako (larunbata).
Azpeitiko Udalak deituta herriko elkarteak eta ikastetxeak bildu ziren atzo (asteartea) Sindikatu Zaharrean, irteerari buruzko xehetasunak azaltzeko eta lotzeko asmoz. Udaletik EAJ, hautetsi independentisten, EA eta Aralarren ordezkariak izan ziren bileran.
Egun osoko irteera izango da: 9:00etan irten autobusean anbulategi aurretik Udalak ordainduko du, 10:30ean heldu, Hazparneko Udalak harrera egingo die Azpeitikoari eta herriko elkarteei, Hazparnen bisita gidatua, bazkaria Hazparnekoek gonbidatuta, eta itzulera ordua 17:30ean aldera.
Udalak dei egin die herriko elkarteei joateko, "gaia garrantzitsua delako".
Elkarteek izena emateko epea azaroaren 3a (asteartea) artekoa da. Pili Arrieta eta Nerea Lopetegi udal teknikariei deitu beharko diete.
Azpeitia eta Hazparne 80ko hamarkadatik daude senidetuta. 5.500 lagun bizi dira Lapurdiko herri horretan.