Inazio Uriaren omenezko elkarretaratzean politika arloko hainbat ordezkarik parte hartu du

Uztarria.eus 2009ko aza. 3a, 15:11

Inazio Uria zenaren senide eta lagunek antolatutako elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Mikel Cabieces, Markel Olano eta Rafaela Romero

Datorren hilean beteko da urtebete ETAk hura hil zuenetik

Hilero egin izan duten bezala, Inazio Uria zenaren senitarteko eta lagunek bilkura isila egin dute gaur (azaroak 3, asteartea) Loiolan, ETAk hura tiroz hil zuen tokian. Hainbat politikarik hartu dute parte gaurko ekitaldian, eta baita Terrorismoaren Biktimak taldeko kideek ere. Han izan dira, Josu Puellos ETAk hildako Eduardo Puellesen anaia, eta Isaias Carrascoren alaba. Eusko Jaurlaritzako Mikel Cabieces-ek ere parte hartu du ekitaldian, eta baita Markel Olano Diputatu Nagusiak, eta Rafaela Romero Batzar Nagusietako lehendakariak ere. Joseba Egibar eta Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak ere Loiolan izan dira.

Uriaren senitarteko eta lagunak hilero, hilaren 3an, biltzen dira Loiolan, sentitzen duten samina adierazi eta haren oroimena bizirik gordetzeko. Gaurko elkarretaratzearen amaieran azaldu dutenez, abenduaren 3an haren omenezko ekitaldi bat egitea ari dira aztertzen. Orduan beteko da urtebete ETAk hil zuenetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide