Disko gogorra barrura?

Enekoitz Esnaola (Egunkaria-ko langile ohia) 2009ko aza. 3a, 19:11

Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari izandakoa eta 'Berria'-ko zuzendaria gaur, Andoainen, BerriaTBko elkarrizketan.

Espainolek Egunkaria-ren aurkako epaiketa laster hasiko dutela-eta, sumario nagusiko auzipetuei elkarrizketak egin dizkiegu gaur BerriaTBrako, epaiketa garaian botatzeko: Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Xabier Oleagari —Txema Auzmendiri, aurki, gaur ezinezkoa zitzaiolako—. Euren ibilbideez galdetu diegu, banan-banan, eta han egon gara Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, pare bat orduz hitz eta pitz, solas lasaian. Otamendik, esaterako, 2003ko otsailaren 20an atxilotu aurreko eguna ekarri du gogora, Azpeitian emandako hitzaldia; hau da, jendeak ohartarazi zuela zerbait arraroa pasatzen ari zela, ezohiko jendea baitzegoen plaza inguruan. "Zeinek pentsatuko zuen, ordea, Egunkaria itxiko zutela?", galdetu du.

Jakin-eko, Argia-ko, AEK-ko, Egunkaria-ko... abenturak kontatu dituzte, memoria freskatuz eta egindakoa aldarrikatuz bezala, eta euskalgintzaren eta euskarazko prentsaren historiaren zati garrantzitsua ikusten egon naiz. Historia garbia, duina, tinkoa.

Kartzelara eraman ditzakete gure instituzio hauek —ez nahastu 'instituzional'-arekin—.

Esan nahi baita, euskarazko prentsaren disko gogorra barrura?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide