Olazko amabirjinaren irudi bat jarriko dute Loiolan Inazio Uriaren omenez

Uztarria.eus 2009ko aza. 4a, 17:11

Abenduaren 3an inauguratuko dute, ETAk Azpeitiko enpresaburua hil eta urtebetera

Udalak aho batez biharko osoko bilkuran baimenduko du, Uriaren familiaren eskariz, irudia herri-lurretan kokatzea

Azkeneko albistea (azaroak 5, 21:00). Hartu du erabakia Udalak, aho batez.

Olazko amabirjinaren irudi txiki bat eta plaka bat jarriko dituzte Loiolan Inazio Uria zenaren omenez, haren familiaren ekimenez. Datorren abenduaren 3an beteko da ETAk Altuna y Uriako enpresaburua hil zueneko lehen urteurrena, eta egun horretan inauguratuko dute oroitarria, hilketa izan zen tokian.

Oroitarria herri-lurretan kokatuko denez, Udalak baimendu behar du. Eta hala dira egitekoak bihar, azaroko ohiko osoko bilkuran. Udalean ordezkaritza duten indar politiko guztiek -EAJ, Hautetsi Independentistak, EA eta Aralar- aldeko iritzia agertu dute, Efe albiste agentziak aurreratu duenez.

Inazio Uriaren senitarteko eta lagunak hilero-hilero elkartu izan dira, hilaren 3an, hura hil zuten tokian, atzo bezala. Datorren abenduaren 3tik aurrera elkarretaratzeekin jarraitu ala ez, ez dute oraindik erabaki.

Azkeneko albistea (azaroak 5, 21:00). Hartu du erabakia Udalak, aho batez. Udalak Inazio Uriaren omenezko monolitoa jartzeko erabakia hartu du udalbatzarrean, aho batez hartu ere, udal talde denek egin dutelako alde.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide