Foru Aldundiak eta Udalak euskara indartzeko hitzarmena sinatu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 5a, 10:11

Gipuzkoako Foru Aldundian sinatu zuten hitzarmena atzo.

Hitzarmena bost urtez egongo da indarrean eta beste bost urtez luzatzeko aukera izango dute bi erakundeek

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukera izango du Azpeitian euskararen erabilera bultzatzeko egiten dituzten ekimenen berri Gipuzkoako herrietan emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sailak eta Azpeitiko Udalak euskara indartzeko hitzarmena sinatu zuten atzo (azaroak 4, asteazkena)goizean. Hitzarmena bost urtez egongo da indarrean eta beste bost urtez luzatzeko aukera ere izango dute. Horren bitartez, euskararen erabilera zabaldu eta indartu nahi dute Azpeitian eta hori lortzeko elkarlanean jarraituko dutela adierazi dute bi erakundeek.

Euskara indartzea helburu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Saileko arduradunek azaldu dutenez, euren helburuetako bat "lurraldeko erakundeek eta oro har gipuzkoarrek euskara gehiago erabiltzea da".

Horretaz gain, Azpeitiko Udalak herritarrei kalitatezko zerbiztua eskaini nahi die eta "horretarako ezinbestekoa da azpeitiarrek harreman hizkuntza aukeratu ahal izatea" azaldu dute Udaleko arduradunek. Gainera, Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka gainditu behar dela ere azaldu dute eta horretarako euskara bultzatzea ezinbestekoa dela uste dute. «Herritarrei emaaten dizkien zerbitzuak euskaraz ere jasotzeko eskubidea bermatu nahi du, gazteleraz zerbitzu horiek jasotzeko eskubidea luzaz bermatuta dagoenez.

Hitzarmenaren neurriak

Euskara sendotzeko besteak beste hurrengo neurriak zehaztu dituzte Udalak eta Aldundiak. Alde batetik, ahal duten guztietan elkarren arteko harremanetarako euskararen erabiliko dutela eta euskarazko produkzioa bultzatuko dutela hitzartu dute bi erakundeek. "Beharrezko baliabideak jarriko dituzte elkarren artean idatziz eta ahoz zein harreman dituzten identifikatzeko eta neurri zehatzak proposatzeko".

Gainera, euskararen erabilera gizartean bultzatzeko ekimenak antolatuko dituzte Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak aukera izango du Azpeitian euskararen erabilera bultzatzeko egiten dituzten ekimenen berri Gipuzkoako gainontzeko herrietan emateko.

Hitzarmenari jarraipena emateko eta zaintzeko batzorde bat osatuko dute eta erakunde bakoitzetik bi ordezkarik parte hartuko dute bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide