Auzmendi euskalgintzan eta kazetaritzan, azpeitiarrek animatuta

Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko langile ohia) 2009ko aza. 10a, 18:11

Txema Auzmendi 'Egunkaria'-ko auzipetua gaur, Andoainen, BerriaTBko elkarrizketan.

'Egunkaria'-ko auzipetua Patxi Goenagak esanda hasi zen euskara erakusten 1973an eta, hala, euskararen munduan sartzen

Loiola Irratiko lanari 1988an ekin zion, Luixio Agirre jesuita eta irratiko orduko kideak "ustekabean" eskainita

Lehengo astean Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga Egunkaria auziko kasu nagusiko auzipetuak izan genituen BerriaTBn, Andoainen, eta gaur (asteartea) beste auzipetua: Txema Auzmendi —epaiketa garaian botako ditugu bost elkarrizketak—.

Luze eta zabal jardun du hark ere bere ibilbideaz, eta haren bi pasadizo behintzat kontatu behar, azpeitiarrekin zerikusirik badutelako.

  • Harrigarria badirudi ere, Auzmendik (Ordizia, 1949) ez zuen euskararik egin bost urte zituenetik 22 bat izan arte, "galdu" egin zuen euskara arrazoi desberdinengatik —frankismoa, sentsibilizazio falta, kanpora ikasketak egitera...—. 19 urte zituela Alacanten (Herrialde Katalanak) zela, gizonezko batek galdetu zion ea ba al zekien euskara? "Barruan halako zerbait" sortu zion galderak Auzmendiri. "Izan ere, espainiar bati galdetzen al diote ba al dakien gaztelera?", esan du BerriaTBko elkarrizketan. Berak orduan ez zekien euskara. Baina handik pixka batera, ama hizkuntza berreskuratzeaz gain, euskara irakasle ere izan zen. Bilbon zegoen orduan jesuiten etxean eta, jakinarazi duenez, Patxi Goenaga azpeitiarrak —orduan nobiziaduan— animatu zuen euskara klaseak emateko. 1973. urte ingurua zen eta euskalgintzan murgiltzen hasteko balio izan zion.
  • Azkeneko 21 urtean kazetari ere aritu da, Loiola Irratian, eta hor ere azpeitiar batek sartu zuen: Luixio Agirre jesuita eta irratiko orduko kideak. "Eskaintza hura jasotzea ustekabekoa izan zen niretzat", azaldu du Auzmendik BerriaTBn.

Zigor eskaera handiak

Egunkaria-ren aurkako epaiketa bukatu artean —egunotan esan dezakete noiz hasiko den—, Loiolako santutegian egongo da, aurreko batean uztarria.com-ek jakinarazi zuen bezala. Hamalau urteko espetxealdia eta hamabost urteko inhabilitazioa eskatu dituzte haren aurka, ETAko kide izatea egotzita. Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen sorreratik, 1990eko abendutik.

Auzmendi Egunkaria-ko auzi ekonomikoan ere auzipetuta daukate, Ogasunari iruzur egin ziolakoan, eta 26 urte eta lau hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna eskatzen dituzte haren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide