Espainiako argazkilari profesionalen Esquinero de Oro saria irabazi du Angel argazki etxeak

Uztarria.eus 2009ko aza. 11a, 18:11

Argazkian bulldog arrazako txakurra ageri da hanka batekin txanpain botilari heltzen eta "mozkortuta"

Saritutako argazkia Ohorezko Bilduman sartu dute eta profesional bezala "ate asko irekitzeko bidea" dela azaldu dute Angel argazki etxekoek

Espainiako argazkilari profesionalen federazioak urtero egiten duen Kalifikazio sarietan Esquinero de Oro saria irabazi du Angel argazki etxeko lan-taldeak. "Ustekabe polita" hartu du taldeak, "sarituak izatea ez genuen eta espero", adierazi du Xanti Rodriguezek, Angel argazki etxeko langileak

Saritutako argazkian bulldog arrazako Fredi txakurra ageri da soinean smoking-a duela, hanka batekin txanpain botilari heltzen eta "mozkortuta": "Geure estudioan atera genuen argazkia eta postprodukzio lanekin neu arduratu naiz", kontatu du Rodriguezek. Fredi ere merezi bezala saritu dute Angel argazki etxekoek: "Txuleta eder bat eman genion jateko".

Ateak irekitzeko bidea

Saritutako argazki hau Federazio horrek urtero argitaratzen duen Ohorezko Bilduma liburuan sartu dute. Rodriguezen esanetan, "argazki onenekin osatutako liburu hori garrantzitsua da oso, enpresa askotara bidaltzen dute eta argazkilari profesional bezala ate asko irekitzeko bidea da".

Espainiako Estatuko hainbat argazkilari profesionalek hartu dute parte Andaluziako Antequera herrian ospatu den lehiaketan eta guztira 706 argazki aurkeztu dira: "Argazki guzti horietatik kalifikazio altuena lortu duena eta baloratuena izan da gurea eta poztekoa da hori".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide