Hemen da 'Egunkaria' epaiketa, hemen dira ekimenak

'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohiak eta 'Berria'-koak 2009ko aza. 13a, 17:11

Mozioa, hitzaldia, bonoak salgai, mus txapelketa, elkarretaratzea... izango dira herrian, 'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohiek eta 'Berria'-koek antolatuta; aurtengo Ardo Dastaketa Eguna 'Egunkaria'-ren alde izango da

Helburuak: Azpeitia epaiketaren aurka azaltzea, herritarrok auzipetuei elkartasuna adieraztea eta auziko gastuak betetzeko dirua biltzea

Laster hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketa —kazetaren itxierari buruzkoa—, eta Egunkaria-n lanean aritutako azpeitiarrok eta Berria-kook hainbat ekimen egingo ditugu herrian.

Hiru izango dira helburuak: Azpeitia epaiketaren aurka azaltzea, herritarrok auzipetuei elkartasuna adieraztea eta auziko gastuak betetzeko dirua biltzea.

2003an Egunkaria itxi zutenean, azpeitiarrok ondo erantzun genuen (besteak beste, Berria sortzeko 60.000 euro pasatxo bildu ziren akziotan, helburua zerbait gaindituta), eta orain ere hala espero, asko baitago jokoan.

Ekimenak

Epaiketa noiz hasiko den auzitegiak ez du zehaztu oraindik, baina dagoeneko prest daukagu Azpeitirako ekimen zerrenda (osatzen eta gehitzen joango gara, eta jakinarazten).

Mozioa udaletxean. Egunkaria-ko azpeitiar langile ohion izenean epaiketaren kontrako eta auzipetuen aldeko mozioa sartuko dugu, udal taldeek abenduaren hasierako ohiko udalbatzarrean jorratzeko asmoz. 2003an Egunkaria itxi zutenean, Udalak operazioaren kontrako mozioa onartu zuen.

Hitzaldia Txema Auzmendi auzipetuak. Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkari ohiak hitzaldia emango du Azpeitian; oraindik zehaztu gabe dago eguna —epaiketa hasiko den garaian izango da—. Auzmendi jesuita eta kazetaria Loiolako santutegian dago urri hasieratik, eta bertan egongo da epaiketa bukatu artean. 1985etik 1988ra Iraurgi Ikastetxeko irakaslea izan zen, eta Loiola Irratian lan egindakoa da.

Ardo Dastaketa Eguna aurten Egunkaria-ren alde. Azaroaren 21ean (larunbata) egingo dute IV. Ardo Dastaketa Eguna, Udalak antolatuta, eta aurtengoa Egunkaria-ren aldekoa izango da: ardoa ateratzen ariko diren lagunek itxitako kazetaren aldeko elastikoak jantzita izango dituzte, bonoak eta elastikoak salgai egongo dira... Plazan izango da, 11:30-14:30ak artean. Egunkaria-ko langile ohiok eskerrak eman beharrean gaude Udalari, baita Sanjuandegiko Auzo Elkarteari ere; izan ere, aurten zalantzan egon da Ardo Dastaketa Eguna antolatuko zen, eurak hasi ziren mugitzen antolatzeko, eta hasieratik prest azaldu ziren ekitaldia Egunkaria-ren alde izateko.

Mus txapelketa Gaztetxean. Egunkaria-aren aldeko mus txapelketa egingo dute azaroaren 20an (ostirala) Gaztetxean, 21:30etik aurrera.

Bonoak salgai hainbat lekutan. Oraingoz lotutako tokiak: Ikastetxeak: Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea. Tabernak: Zuhatz, Jim Clark, Iraurgi SB. Elkarteak: Uztarria. Sindikatuak: LAB. Hurrengo egunetan gara gehiago lotzekoak, eta jakinaraziko dugu. Hamar euroko bonoak dira. Ekitaldietan: egun zehatzetan ere egongo dira bonoak erosteko moduan.

Kamisetak salgai. Hainbat egunetan egongo dira saltzen. Gaur (ostirala), esaterako, 21:00-21:30 artean Izarraiz pilotalekuan, Antzerki Topaketetako emanaldia hasi aurretik.

Elkarretaratzea. Epaiketa garaian izango da, plazan.

Hedabideak. 2003an Egunkaria-ren itxiera zela-eta Azpeitian emandako erantzuna atalka gogoratuko dugu uztarria.com-en, epaiketa garaian albisteak-eta egingo ditugu, www.egunkaria.info webguneko bannerra uztarria.com-en...

Besterik. Auziari buruzko eskuorriaren zabalkundea, azaroaren 28an Donostian Kursaalean egingo den kontzertu jaialdirako deialdia...

---

Ekimenen sustatzaileak

  • Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Joxe Luis Aizpuru, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso, Kike Zurutuza, Leire Aramendi, Ion Aranburu (Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiak).
  • Gaur egun Berria-n dabiltzan herrikideak: Miren Garate, Aitziber Arzallus, Doltza Lasa.
  • Oharra: kanpaina garrantzitsu honetan inork lan egin nahi badu, izena eman dezala Uztarrian (bertara joanda edo 943 15 03 58ra deituta). Eskertzekoa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide