Xabin Aranagaren poza

Uztarria.eus 2009ko aza. 16a, 09:11

Atleta gustura dago herrian gero eta zaletasun handiagoa dagoelako lasterka egiteko

Aranaga izan zen Behobia-Donostian aurreneko azpeitiarra

Gogor dihardu Xabin Aranagak lasterka, azaroaren 8an Behobia-Donostia hogei kilometroko karreran marka ona egin baitzuen —1.08.57— eta bera izan zelako aurreneko azpeitiarra. Urteak daramatza lasterka jo eta su —26 urterekin ekin zion atletismoari eta 42 dauzka—, eta gaur egun Azpeitian dagoen zaletasunak "kristoren poza" ematen diola aitortu du El Diario Vasco egunkarian egindako elkarrizketan: "Lehen betikoak ibiltzen ginen. Orain jende asko dago. Nire ustez, hobeto. Jendea korrika ikusteak kristoren poza ematen dit. Eta orain, batik bat, neskak ikusteak. Gero eta emakume gehiago hasi da korrikan. Lehen bi edo hiru besterik ez ziren ikusten eta orain gizonezkoak baino gehiago dira. Kuestioa ez da azkar ibiltzea, norberarekin gustura egotea baizik".

2005ean Beteranoen Munduko Maratoi Txapelketa irabazi zuen Aranagak, Donostian, eta orduan sentitu zuen emozio handiena. "Londres, New York eta beste maratoi batzuetan izana naiz baina honek emozio berezia egin zidan. Etxean, Donostian izan zelako agian".

Distantzia luzeko lasterketetan parte hartu ohi du (100 kilometroko proba bat bukatutakoa; seigarren egin zuen) eta ateratzen du astirik entrenatzeko, lana egin arren. "Erreleboan aritzen naiz lanean eta, adibide bat jartzeko, goizeko erreleboa tokatuz gero —6:00etatik 14:00etara lan egiten dut—, bazkaldu, siesta txiki bat bota, eta gero korrika. Entrenamenduaren arabera, korrika saio desberdinak dira, baina ordubete ingurukoa izan ohi da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide