500.000 euro behar dira

'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohiak eta 'Berria'-koak 2009ko aza. 16a, 16:11

'Egunkaria'-ko epaiketako gastuei aurre egiteko dirua biltzeko lanari ekin diote Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek

Azpeitian bertan ere egin daiteke ekarpena, bonoak eta kamisetak erosita

Dirutan zenbat kosta liteke Egunkaria-ren aurkako epaiketa? Kalkulatu dute: 500.000 euro inguru. Izan ere, kontua ez da epaiketaren garaia bera bakarrik. 2003ko otsailaren 20tik dator kontua —orduan itxi ziguten Egunkaria—, eta harrezkero defentsa abokatuek izugarrizko lan pila izan dute. Eta izango dute epaiketan bertan ere. Gehitu horri Madrilerako bidaiak, egonaldiak eta abar, eta 500.000 euro dira.

Hori dela-eta, Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek "berebiziko" ekimen bati ekin diote: Egunkaria-ko auzipetuekiko "elkartasunez" dirua biltzeari. Gaur (astelehena) aurkeztu dute egitasmoa.

Ramon Labaien, Pedro Miguel Etxenike, Lontxo Oihartzabal, Txaro Arteaga, Iñaki Zubillaga, Juan Jose Pujana, Anjeles Iztueta, Juan Ramon Guevara, Jesus Mari Mujika, Ramuntxo Camblong, Juan Maria Ollora, Xabier Retegi eta Jose Mari Arrate dira diru bilketako ekimeneko talde eragileko kideak. "Auzipetuekiko elkartasun aktiboa izateko unea iritsi da. Elkartasun testimonialetik harago joatea ezinbestekoa da".

Aste honetan jakinaraziko dute zein izango den kontu korronteko zenbakia. "Dei egin nahi diogu euskal gizarte osoari gastuak finantzatzen lagun dezan".

Azpeitian bonoak salgai

Lehengo astean, Azpeitiko ekimen zerrenda aurkeztean Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiok eta Berria-kook jakinarazi genuen bezala, herrian badira dagoeneko bonoak-eta salgai.

Bonoak salgai hainbat lekutan. Oraingoz lotutako tokiak: Ikastetxeak: Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea. Tabernak: Zuhatz, Jim Clark, Iraurgi SB. Elkarteak: Uztarria. Sindikatuak: LAB. Hurrengo egunetan gara gehiago lotzekoak, eta jakinaraziko dugu. Hamar euroko bonoak dira. Ekitaldietan: egun zehatzetan ere egongo dira bonoak erosteko moduan.

Kamisetak salgai. Hainbat egunetan egongo dira saltzen. Ostiralean Izarraiz pilotalekuan egon ginen, Antzerki Topaketetako emanaldia hasi aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide