Arantzetan taldea, bigarren

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 17a, 10:11

Arantzetan taldeko kideak. Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketan talde mailan bigarren egin dute.

Gipuzkoako XIII. Euskal Kantu Txapelketako finala jokatu zen herenegun, Donostiako Antzoki Zaharrean

Talde mailan aritu zen Arantzetan, euren Arantzetan abestiarekin

Azpeitiko eta Azkoitiko kideek osatutako Arantzetan taldeak, Gipuzkoako XIII. Euskal Kantu Txapelketako finalean hartu zuen parte. Arantzetan taldeak saria lortu zuen, taldeen mailan bigarren eginda.

Kantu txapelketako finala herenegun arratsaldean jokatu zuten, Donostiako Antzoki Zaharrean, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta. Finala jarraitzeko 400 entzule inguru bildu zen. Epaimahaia, berriz, honakoek osatu zuten: Miren Mujika musika irakasleak, Itziar Zamora musika irakasleak eta Donostiako Kantujiraren gidariak, eta Labrit kantariak.

Hamabost parte-hartzaile izan ziren herenegun kantu txapelketako finalean. Irati Odriozola oiartzuarra izan zen txapelketan nagusi eta hiru sari jaso zituen: bakarlari bezala lehen saria; bikoteka, Ane Badiolarekin batera, aurrenengo saria; eta, publikoaren saria. Talde mailan aritu zen Arantzetan, euren Arantzetan kantuarekin. Taldeen mailan bigarren gelditu ziren. Arantzetan taldekoen esanetan, "esperientzia polita izan da Kantu Txapelketan parte hartzea". Haiek diotenez, antolakuntza oso ona izan da eta finalean "toki eder" batean abesteko aukera izan dute. "Guk, euskal kulturako ekimen bat delako parte hartzea erabaki genuen, eta finalean abesteko aukera izan dugu".

Hemendik aurrera, zuzeneko emanaldiak lortzeko lan egingo dute Arantzetanekoek: "Gure helburua zuzenekoak jotzea da. Aurrerago ea zerbait grabatzen dugun guk sortutako kantuekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide