Peio Romatetek irabazi du Mendiko XIV. eta Udazkeneko XX. Argazki Rallya

Uztarria.eus 2009ko aza. 18a, 17:11

Argazkien proiekzioa eta sari banaketa larunbatean (azaroak 21) egingo dituzte, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan, 18:30ean hasita

Azaroaren 1ean egin zen rallya eta 56 lagunek hartu zuten parte

Peio Romatetek irabazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako XIV. Mendiko eta XX. Udazkeneko Argazki Rallya. Zumaiako argazkilariarentzat izango dira, beraz, sari nagusiari dagozkion 180 euroak eta garaikurra. Sari banaketa ekitaldia datorren larunbatean, azaroak 21, izango da. Sariak eman aurretik, azaroaren 1ean egin zen rallyan ateratako argazki guztien proiekzioa egingo dute. 18:30ean izango da hitzordua, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan (Elizkale, 21)

Sailkapen nagusiko bigarren postua Errenteriako Adolfo Vazquezentzat izan da (150 euro eta garaikurra jasoko ditu), eta hirugarrenean sailkatu da Urretxuko Carlos Mediavilla (120 euro eta garaikurra). Argazki onenaren saria, berriz, Zarauzko Txema Fernandezek jasoko du. IƱigo Kortak, bere aldetik, Azpeitiko lehen sailkatuari dagokiona lortu du (8.a izan da sailkapen nagusian).

Gaztetxoen sailkapenari dagokionez, Zumaiako Amaia Romatetentzat izango da lehen saria, Azpeitiko Idoia Lizasorentzat bigarrena eta Zumaiako Oier Romatetentzat hirugarrena. Romatet sendiarentzat uzta ederra: Peioren alaba eta semea dira Amaia eta Oier. Erosketa-baleak (30, 20 eta 15 eurokoak, hurrenez hurren) jasoko dituzte gaztetxoek, garaikurrekin batera.

Saritutako argazkiak ikusgai

Mendiko XIV. eta Udazkeneko XX. Argazki Rallyan saritu dituzten argazkian Azpeitiko Argazki Elkartearen webgunean ikus daitezke, Ekintza atalean.

Azaroaren 1ean egin zuten argazki rallya. Mandubia-Kizkitza-Itsaso ibilbidea osatu behar zuten parte-hartzaileek. 56 argazkilarik hartu zuten parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide