Azpeitia eta txirrindularitza uztartuz, mende bateko ibilbidea jaso nahi du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 19a, 09:11

Argazki zaharrak bildu eta bizikletan ibilitako herritarren berri jakin nahi dute

Bildutakoa datorren urtean kaleratzeko asmoa dute

1910ean Azpeitian txirrindulari lasterketak egiten zirenaren arrastoa aurkitu du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak. "Egunkari batean azaltzen da urte hartako abuztuaren 2an txirrindulari lasterketa bat egin izanaren berri. Saninazioetako programaren baitan egingo zen", diote. Hori jakin ondoren, hariari tiraka hasi ziren Lagun Onak-ekoak. Gaur egunera bitarteko datu ugari jaso dute, Jose Joakin Gallastegiri esker.

Datorren urtean kirol ekitaldi hori izan zela ehun urte beteko direla aitzakiatzat hartuta, orain Azpeitia eta txirrindularitzarekin lotura duen kontu guztiak bildu nahi dituzte: argazkiak, datuak, bizikletan ibilitako herritarren izenak eta ibilbidea... Horrez gain, orain arte bilduta dutena "benetan" halaxe izan zela ere egiaztatu nahi dute. Hori dela eta, dei publikoa egin dute txirrindulari elkartekoek: "Inork etxean argazkirik balu herriko txirrindularitzarekin lotutakoa eskertuko genuke guri helaraztea. Bizikletan ibilitako herritarren baten berri izanez gero ere hori jakitea gustatuko litzaiguke".

Txirrindulari elkartearen bulegoan jasota eduki nahi dute bildutako dokumentazio guztia, "eta ez dugu inorrekin ahazterik nahi", gaineratu dute.

1962tik orain artekoa jasota

Lagun Onak Txirrindulari Elkartean azken urteetako hainbat dokumentazio, txirrindularien izenak, argazkiak eta lasterketen berriak jasota dituzte. "1962 urtetik gaur egunera bitarteko kontu asko jasota dugu, baina kontu zaharren berri askorik ez dugu. Jendeak izan ditzake etxean argazkiak, edota bizikletan ibilitako baten berri ere izan dezakete, eta horiei eskertuko genieke elkarteko kide garenokin harremanetan jartzea", diote. Argazki zaharrak eskaneatu eta berriro jabeari itzuliko dizkietela esan dute.

Bildutako dokumentazio eta informazio guztiarekin zerbait ateratzeko asmoarekin ere badabiltza.

Bateren batek zerbait izan edo jakin eta Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoei helarazteko hainbat bide proposatu dituzte: argazkiak Aitzaki kirol-dendan utzi daitezke, gero han jasotzeko. Elkartearen egoitza Arana kalea 6-8 zenbakietan dago eta hango telefonoaren eta faxaren zenbakia 943 150696 da; e-posta, berriz, lagunonakte@hotmail.com. Elkarteko kideak astelehenero biltzen dira, 21:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide