'Iragarkilaburrak.com', berrituta

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko aza. 19a, 17:11

Hainbat aldaketa eta abantaila ditu webguneak

Uztarriarekin eta Urola Kostako Hitza-rekin batera, euskarazko hogei bat egunkari, aldizkari eta agerkari digitalek hartzen dute parte proiektuan

Iazko urrian ekin zion bideari iragarkilaburrak.com webguneak, euskarazko hogei bat hedabidek elkarlanean ehunduta, merkatuan zegoen hutsunea betetzeko helburuarekin. Izan ere, euskarazko hedabide ugarik argitaratzen dituzte paperean iragarki laburrak, baina iaz arte ez zegoen horiek guztiak batera eskaintzen zituen webgunerik. Hutsune horri aurre egin eta euskarazko iragarki laburren atari zabala izateko helburuarekin sortu zen ekimena.

Orain, urtebete geroago, edukia eta itxura aldatu du webguneak, eta soineko berriarekin ageri da dagoeneko sarean, erabiltzaileentzat eta iragarleentzat hobekuntza nabarmenekin.

Plazagunea SL enpresak garatu du iragarki laburren webgune berria.

Hainbat aldaketa nabarmen ditu webguneak

Bilatzaile zehatz eta garatuagoak, kategoria berriak, oharrak SMS bidez jasotzeko bidea, iragarkiak Facebook edota Tuenti bezalako sare sozialetan zuzenean argitaratzeko aukera, eta beste hainbat aldaketa ditu webgune berrituak.

Orain arte bezala, iragarkiak sarean jartzea doan da norbanakoentzat. Gainera, iragarkiak ostiraletan paperean argitaratzeko aukera ere izango du iragarleak. Webgunearen aldaketei esker iragarleak erraz hautatu ahal izango du papereko zein eta zenbat ediziotan argitaratu nahi duen iragarkia: hedabide guztietan, horietako batzuetan, ala eskualde edo zonalde zehatz batean soilik, esate baterako.

Hedabide ugari elkarlanean

Gaur egun, Uztarria, Txintxarri, Otamotz, Elgoibarren, Behe Bidasoako Hitza, ukberri.net, Oarsoaldeko Hitza, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, plaentxia.com, Busturialdeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Urola Kostako Hitza, Irutxuloko Hitza, Goerriko Hitza, Baleike, Geu Gasteiz, Eta Kitto, larrabetzu.org, Berria eta Goiena dira proiektu honetan parte hartzen duten egunkariak, agerkari digitalak eta aldizkariak.

Uztarria.com-ek bere webguneko lehen orrian iragarkilaburrak.com-ekin lotura egina du; www.uztarria.iragarkilaburrak.com. Bertan, Azpeitiko iragarkiak ikus daitezke.

EKTren baitako Bertako Hedabideek sortu zuten proiektua iaz, tokian tokiko hedabide eta elkarteekin elkarlanean. Bertako Hedabideetako zuzendari Iban Arregiren hitzetan, gainera, denborarekin elkarte eta hedabide gehiagorengana iristea da asmoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide