Agirreko babestutako etxeetan izena emateko epea hilaren 30ean bukatuko da

Urola Kostako Hitza 2009ko azaroaren 19a

Hamazortzi etxebizitza eta garaje eraikitzen ari dira Artzubia hiribideko gune horretan

Lanak gutxi barru bukatzea eta zozketa datorren urtea egingo dela aurreikusten dute Azpeitia Lantzenen

Azpeitia Lantzen SA-tik jakinarazi dutenez, Agirre auzoan babestutako alokairua sustatzeko eraikitzen ari diren hamazortzi etxebizitzetan izena emateko epea zabalik dago. Etxebizitza horiek alokairuan hartzeko zozketan parte hartzeko eskaera Azpeitia Lantzenenen hil honen 27a baino lehen egin behar da, eta Etxebiden (Euskal Herriko Etxebizitza Zerbitzu Publikoaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa) hil honen 30erako.

Agirre HIA 39 eremuan -Artzubia hiribidean-, erregimen orokorreko babes ofizialeko hamazortzi etxebizitza eta garaje eraikitzen ari da Azpeitia Lantzen udal sozietate publikoa. Azpeitia Lantzenek dioenez, lanak gutxi barru bukatzea aurreikusten dute. Horien zozketa datorren urtean egitea espero dute. Zozketan parte hartzeko beharrezkoa da Etxebiden alokairuko aukeran izena emanda egotea. Hau da, Alokairua, Babes Ofizialeko Etxebizitza alokatzea aukeran.

Oraindik, Etxebiden etxebizitza alokairuan eskatzeko aukeran izena eman gabe dutenentzako hil honen 30ean bukatuko da epea. Baina, Azpeitia Lantzenen bulegoetan (Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan) hilaren 27ra bitartean eman daiteke izena. Bulegoa, astelehenetik ostegunera 08:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara eta ostiraletan 08:00etatik 14:30era bitartean egoten da zabalik. Izena emateko beste modu bat Etxebidera jotzea da; honek bulegoak Donostian (Andia kalea 13), Bilbon (Gran Via, 85) eta Gasteizen (Samaniego kalea, 2) ditu. Etxebiden izena emateko hilaren 30a baino lehenago eman behar da.

Azpeitia Lantzenetik azaldu dutenez, Agirreko babestutako alokairuko etxebizitzen inguruko zalantzarik edo galderarik izanez gero, eurengana jo besterik ez dute herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide