Ez da lelo bat. Eraikinak egin beharrekoak dira. Etxeak amaitu egin behar dira eta hasitako oinarrietan gainera. Edo bota. Ezertarako balio ez duen eraikuntza aurrera eraman ezin daitekelako.
Bai, Etxebeltz Izarra eremuari buruz ari gara.
Garbi dugu eraikitzaileen interesak zeintzuk diren: beraien enpresekin aurrera egin eta ahalik eta etekin gehien atera (horretarako daude). Bere garaian, hitzarmena sinatu eta adostutako lanari ekin zioten. Denbora pasa da (gehiegi) eta eraikuntza horiek dauden moduan daude. GELDIRIK. Arrazoia: arazoak daude. Alde batetik legearekiko dauden kezkak eta bestalde krisia. Eraikitzaileek, orokorrean, azken honi botatzen diote nagusiki errua.
Ezin gara isilik gelditu. Zonalde osoa hartzen dugu kontuan eta esan, legearekiko kezkak area guztian berdinak direla eta egia esan, bi abiaduratan doazen eraikuntzak ikusten dira. Libreak oso libre doaz eta urte amaierarako bukatzear izango dira (horregatik izango dira libreak, agian). Eta BOE-ak geldirik daude joan den uda erdiaz geroztik. Abiadura askoz ere motelagoan joan dira: zati batzutan eraikinak (eskeletua) amaituta daude eta beste zatiak oraindik oinarrietan. Beraz, eman zaien tratamendua guztiz ezberdina eta erabat partziala izan da.
Bestalde krisia. Krisiak azken urte honetan gogor jo du, baina esparru askotan, eta ez eraikuntzan bakarrik. Etekinak ez ziren, eta ez dira izango berdinak orain eta duela urte batzuk. Eta aurrera begira batek daki. Baina eraikinak hasi behar zituzten garaietatik hona nolako bilakaera izan duten ikusita, ez dugu zalantzarik jokabidea nolakoa izan den.
Bada oraindik errua udalari leporatzen dionik ere, eta libre dira horrela pentsatzeko, baina bi gauza argi utzi behar dira. Bat: udalak aho batez eskatu duela hitzarmena betetzeko eta lanak bere horretan amaitzeko. Eta bestea: etekinak arazo badira (zenbait kalkulu erraz egiten baditugu 300.000 euroko aldean gabiltza), aterabidea erraza da: etekin gutxiago atera. Merkatua dagoen bezala eta eraikuntzak dauden bezala lehengaiak, orain dela urte eta erdi baino %5 eta %15 merkeago daude. Beraz, badago nondik aurreztu.
NAZKATUTA GAUDE edozein eraikuntza publikotan egiten diren gehikeriak jasateaz: Nuarbeko pantanoa, Soreasu
Guzti hau horrela ulertzen dugulako datorren larunbatean egingo den manifestazioa bultzatzen saiatuko gara eta azpeitiarrei bertaratzeko eskatuko diegu. Etxebizitza eskubidea delako eta bideak horretarako baliatu zirelako, etxejabeekin bat egiten dugu. Berauen eskubideak bermatzeko bideak zabaldu behar ditugulako.