Saskibaloiko II. Gabon Saria jokatuko dute, igandean hasita

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 3a, 10:12

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatu duen saskibaloi txapelketan alebin mailako neska-mutilek hartuko dute parte

Espainiako hainbat taldek hartuko dute parte txapelketan eta guztira, hamabi talde izango dira

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatuta, Iraurgi Saskibaloia II. Gabon Saria jokatuko dute alebin mailako hamabi taldek igandean hasi eta asteartera bitartean. Partidak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako kiroldegietan jokatuko dituzte.

Iraurgikoek iaz antolatu zuten txapelketa aurreneko aldiz, eta izan zuen arrakasta ikusita aurten beste behin antolatu dute.

Denera hamabi talde

Nesketan eta mutiletan alebin mailako seina talde ariko dira jokoan. Iraurgiko lau taldek hartuko dute parte lehian, bik mutiletan eta bik nesketan.

Igandean eta astelehenean finalerako sailkatzeko partidak jokatuko dituzte eta, asteartean, berriz, finalak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, igande arratsaldean, Azpeitiko kiroldegian, "Iraurgikoen festa" izango da: "Iraurgikoen arteko partidak jokatuko dira orduan, derbiak. Partidak 17:00etan hasiko dira".

Txapelketako saskibaloi partidez gainera, jaurtiketa hirukoitzen eta jaurtiketa libreen txapelketak ere antolatu dituzte Iraurgiko Saskibaloi Elkartekoek.

IRAURGI SASKIBALOIA II. GABON SARIA

Partiden lekuak: Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako kiroldegietan.

Txapelketaren egunak:

Finalera sailkatzeko partidak:

Abenduak 6, igandean; eta abenduak 7, astelehenean.

Finalak: Abenduak 8, asteartean.

Parte-hartzaileak: Saskibaloi txapelketan parte hartuko duten talde guztiak alebin mailakoak izango dira.

Mutilen taldeak:

Navalcarnero (Madril, Espainia), Solares eta Pielagos (Kantabria, Espainia), Easo (Donostia), Iraurgi saskibaloia A eta Iraurgi saskibaloia B.

Nesken taldeak.

Navalcarnero (Madril, Espainia), Barna(Bartzelona, Herrialde Katalanak), Solares (Kantabria, Espainia), Tabira (Bizkaia), Iraurgi A eta Iraurgi B.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide