Uria familiaren adierazpena

Uztarria.eus 2009ko abe. 3a, 21:12

Gaur irakurri dute Loiolan, Inazio Uriaren hilketaren aurreneko urtemugan

"Urte bete igaro da gure bizitza betirako suntsitu zuten egunetik. 365 egun gogor eta luze ametsgaizto honetatik noiz esnatuko desiratzen dugula. Egunero argitzen duen arren oraindik ere beltz ikusten dugu etorkizuna. Urte betek luzea dirudien arren ez da pasa egun bakar bat ere gure buruari zera galdetu ez diogunik: zein eskubiderekin hartu zuten hiltzaile gupidagabe bihotzgabe haiek gure aita eta senarrari bizitza lapurtzeko autoritatea? Zeintzuk dira gure bizitzari zentzu osoa kentzeko erabakia hartu zuten piztiak? Zergatik jarraitzen dute gutxi batzuek piztia hauek babesten? Zergatik hiltzen dituzte pertsonak? Galdera guzti hauen eztandak nekez uzten digute egunaren argitasuna ikusten.

Aurretik ere azaldu genizkizuen gure gogoetak eta oraingoan hiru mezu helarazi nahi ditugu, gure betebeharra baita Euskal gizarteari gogoetarako gonbitea egitea.

Lehenik eta behin, ETAri beste behin eta aho betez: ETA, Euskal Herriak ez zaitu nahi. Euskal gizartea nazkatuta dago zure heriotz zigorraz. Zuen helburuak lortzeko pistolak eta bonbak erabiltzen dituzue, Francok egin zuen bezala edota naziek egin zuten bezala. Guretzako denak dira berdinak nahiz diktadore edo terrorista izan, nahiz mertzenario edo pertsona arrunt, denak kondenatzen ditugu. Beren helburuak lortzeko pertsonak hiltzen badituzte denak zaku berean daude. ETAri exijitzen diogu ez dezala beste inor hil.

Bigarren mezua ETAren ekintza armatua oraindik ere kondenatzeko gai izan ez den Ezker Abertzalearen zati horri zuzendu nahi diogu. Jadanik nazkatuta gaude gauza bera errepikatzeaz baina ez gara aspertuko galdetzeaz noiz utziko duzuen alde batera gidaritzat daukazuen inkoherentzia hori. Noiz arte jarraitu behar duzue zuen eskubideak aldarrikatzen eta inoren eskubideak zapaltzen? Bizitza eskubidea ez al duzue giza-eskubideen artean ikusten, akaso? Bizitza eskubidea ukatzen den une beretik zuek aldarrikatzen dituzuen gainontzeko eskubide guztiak ezabatzen dira bapatean; baita beste guztiak ere. Gu egunero ari gara jasaten ETAren tortura; guk ezin dugu hainbeste maite genuen gure aita eta senarra berriz besarkatu; pertsona bati egin diezaioketen mesprezu eta irain handiena jasan dugu ETAren eskutik. Beraz, zergatik ez dituzue ETAren hilketak kondenatzen? Noiz arte babestu behar duzue heriotz zigorra?

Azkenik, Euskal gizarte osoari helarazi nahi diogu gure mezua. Euskal gizartea ez dadila sekula inmunizatu ETA bezalako birus hiltzailearen aurrean. Ez gaitezen ohitu ekintza terroristetara, beraien erahilketetara eta osteko biktimen komunikatuetara. Ez daitezela gure egunerokotasunaren parte bilakatu. Isiltasunetik atera gaitezen guztiok, beldurrik gabe. Tragedia honi ez diezaiogula bizkarrik eman. Bakoitzak bere ardura dauka herri hau jasaten ari den sufrimenduarekiko. Beraz, beste behin, gogoeta sakona egin dezan eskatzen diogu euskal gizarte osoari, guztiok baitaukagu giltza pakean eraikitako etorkizun hobea lortzeko.

Eskerrak emanez eman nahi diogu amaiera hilabeteroko ekitaldi honi. Gurekin batera bertan egon direnei mila esker zuen berotasun eta babesagatik. Hemen izateko aukera izan ez duzuen horiei ere eskerrak une zail hauetan gurekin bat egiteagatik. Eta nola ez, gure erabateko elkartasuna, gu bezala egunero sufritzen ari diren beste biktima guztiei. Beraiei esan nahi diegu, indarrak atera behar ditugula terrorismoari gailentzeko, baina itxaropenaren atea sekula itxi gabe.

Hilabeteroko ekitaldi hau ofizialki bukatutzat ematen dugun arren, gure aita eta senarraren oroimena bizirik mantentzen eta ETAren ekintzak gaitzesten jarraituko dugu egunero-egunero. Horretarako Euskal gizarte osoaren lankidetza aldarrikatzen dugu. Eta zuretzako, Aitte, azken hitz hauek. Zure oroimenak laguntzen gaitu bide zail honetan aurrera egiten. Izan zinena gogoratzeak indarrak ematen dizkigu gure ahuldadean. Gurekin nolakoa zinen oroitzeak pizten ditu gure aurpegi itzaliak. Benetan harro gaude zure seme-alaba eta emazte garelako eta ziur gaude zuk erakutsitako bidea jarraituz berriz ere bizitzen ikasiko dugula. Berriz ikusi arte, asko maite zaitugu".

2009ko abenduaren 3a

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide