Bihar, larunbata, neurtuko dituzte indarrak Realak eta Real Unionek. Anoetan jokatuko dute partida 18:00etan hasita. ETB1 katean ikusi ahal izango da zuzenean.
Real Union aurten igo da 2. Mailara eta Reala, berriz, azken urteetan maila horretan dabil, igo ala ez. Aurten, helburu ezberdinak dituzte bi taldeek. Reala mailaz igotzeko lehian dabil eta momentuz hirugarren postuan dago, lehenengo postuan dagoen Cartagenaren puntu berdinekin (26 puntu). Real Unionek mailari eustea du helburu eta momentu honetan 18. postuan dago, jaitsieratik puntu batera (15 puntu). Biharko lehia oso garrantzitsua izango da bientzat, hiru puntu garrantzitsu baitaude jokoan.
Azpeitiko bina jokalari daude talde banatan: Mikel Aranburu eta Mikel Labaka Realean eta Real Unionen, berriz, Jagoba Beobide eta Hodei Mendinueta. Talde bakoitzeko entrenatzaileak zein hamaikako aterako duen ez dago jakiterik oraingoz; baina, agian, lau azpeitiar ikusi ahal izango dira zelaian. Hori horrela bada, Azpeitia izango da partida berean zelaian jokalari gehien izango dituen herria.