Tortura sexistarik ez!

Haizea Egiguren (Azpeitiko Bilgune Feministaren izenean) 2009ko abe. 4a, 19:12

Igaro berri da Azaroaren 25a, indarkeri sexistaren aurkako egun internazionala eta ez dira falta izan adierazpen instituzionalak, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako kanpainak, mugimendu feministaren ekimen ezberdinak. Indarkeria jasan duten emakumeak gogoan izan ditugu eta gogor salatu ditugu urte honetan gertaturiko bortxaketa, erailketa eta eremu ezberdinetako erasoak.

Zoritxarrez, egun horretan bertan emakumeen kontrako indarkeria salatzen ari ginen une berean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan atxilotutako 34 gazte inkomunikatuak zeuden eta tortura gogorrak jasan dituzte. Tortura eta tratu txar onartezinak, gainera kasu askotan emakumeei tortura sexista aplikatu zaielarik. Ukituek, bortxaketa mehatxuek, biluzteek eta komentario sexista etengabeek indarkeri sexistaren kasu larrien aurrean kokatzen gaituzte.

Azpeitiko Bilgune Feministatik gogor eta ozen salatu nahi ditugu gazteen aurka aplikatu diren inkomunikazio aldia eta tortura jazarpenak. Onartezina da herri honen eraldaketaren alde lanean ari diren gazteak atxilotu, inkomunikatu eta torturatzea. Horregatik elkartasuna adierazi nahi dugu gazte guzti hauekiko eta aldi berean inkomunikazio aldien baztertzea eskatzen dugu.

Bestalde, emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko eskatzen dugu, eremu ezberdinetan pairatu beharreko indarkeri sexista gainditu eta etxean, kalean, lanean, komisaldegietan nahiz espetxeetan ematen den indarkeria baztertzen dugu. Herritarrei ere deialdia luzatzen diegu tortura kasuak, baita jasandako tortura sexistak ere, salatzera eta kalera ateratzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide