Maider, Miren, Olatz...

Iban Arregi ('Egunkaria'-ko langile ohia) 2009ko abe. 9a, 10:12

Egunkaria auziaren aurrean gogor erantzun du jendeak; gogor erantzungo duela jendeak atzeman daiteke. Baina ez ditzagun herriko beste kasuak ahaztu

Urteotan Espainiako Estatuaren errepresioa jasan duten herritarrak bakoitza bere arloan ariko ziren lanean, baina ez gaitezen nahastu: errepresio horrek jatorri bera dauka, errepresio horrek helburu bera dauka. Azken batean, Estatuak bere mugak, arauak eta dogmak zalantzan jartzen duen edozer mugimendu erreprimituko du: ezker abertzalea, gazte mugimendua, Udalbiltza, Egunkaria... Horiek denek Konstituzioa eta egungo markoa gainditzeko lan egiten zuten. Areago: praktikan Konstituzioa eta egungo markoa gainditzen zituzten, zalantzan jartzen dituzte.

Horregatik, Egunkaria-ko langile ohi moduan zera esan nahi dut: eskertzekoa da Egunkaria-ko kide ohiak jasotzen ari garen babesa, eta ez gaizki ulertu, babes hori eta gehiago ere beharko dugu, beharko dute inputatuek. Baina ez ahaztu badagoela besterik, ez ahaztu badagoela Estatuaren errepresio zentzugabea jasatzen ari den azpeitiar jendea. Babes ditzagun Maider, Miren, Olatz... Babes ditzagun egungo markoa gainditzeko lan politikoa egiten ari diren herritarrak. Eta eutsi goiari, garai gogorrak datoz-eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide