"Gutako zenbaiti esan balitzaigu orain ez dakit zenbait urte, Egunkaria-ren hasi aurretiko garai haietan hain juxtu, edo hasita gaurdainoko beste edozein egunetan, gauden honetan egingo genuela topo eta daukagun jarrera daukagula, ez genuen sinestuko esaten ari zitzaigun hori burutik ez zegoenik. Bai zera!
Haserretu egin gaituzte, guztiz haserretu gaituzte, ezin irudika ahalako dorpezia politikoa erabiliz eta gero eta nabarmenagoak susmatzen ziren asmo politikoak erabiliz. Haserre bat ahazteko, ez adiskidetzeko, beste haserre handiago bat piztea baino modu hoberik ez dagoela pentsatzen duen jendea instalatu zaigu gure gobernuetan eta nagusitu zaigu gure gizartean.
Eta ez da gauzak konpontzeko era haserreak eragindako itsumenez eta mendeku gogoz egitea. Ez biderik hoberena behintzat.
Asko ginen, orain hori ezkutatzea koldarkeria litzateke, mesede baino kalte gehiago egingo lukeen koldarkeria, asko, komunikabide horrekin etengabeko haserrean bizi ginenok, bere orrialdeak irakurrita, geure giza komunitatetik bidaliak edo expultsatuak sentitzen ginenok. Eta isilarazi egin gaituzte. Aznarrek erabaki digu kritika hori debekatzea, euskal jendea entzungor bilaka arazi du.
Asko ginen, hala ere, euskararen normalkuntzaren historia amaierarik gabekoan, euskal literaturan emandakoaz salbu, gertatu den pausorik nabarmenena, sendoena eta garrantzizkoena dela esaten genuenak. Hori esatea ere debekatu egin digute. Atxekimendu susmagarriegia litzateke batetik eta euskal jendeak hori baino gehiago ulertzeko arriskua legoke bestetik.
Asko ginen geure herritartasuna sendotzeko norbere ñabarduretan, askotan ez oso ondo ulertuetan, oinarrituta aritzen ginenok eta 'ñabardurak kanpora' oihukatuz nahaspilatu egin gaituzte. Zer ikusirik izan nahi ez genuenok elkarrekin nahasarazi eta batu gaituzte. Iraindu egin gaituzte Marca, As, eta Mundo Deportivo-ko irakurleekin kalera irtenaraziz, bertsolaritza eta literatura konfundituz, telebistak eta errealitatea korapilatuz, euskara eta sentimentu politikoak elkarrekin urtuz, euskararen baitan klaseak eta kategoriak, pertsona ezberdinak azken finean, badaudela ukatuz, euskararen unibertsoak gaitzetsiz...
Asko ginen geure botere publikoen eta bera sostengatzen duten alderdien komunikabideen politika lotsagarria iruditzen zitzaigula pentsatu eta esan nahi genuenak eta ez digute betarik eman horrretarako, denbora eta aukera kendu digute. Hor jarraituko dute euskarazko komunikabideekiko atxekimendua aho txikiarekin eskatuz eta erdarazko komunikabideen negozioetan esku handia sartuz.
Asko ginen nazionalismoaren jokaera gai hauetan eskizofrenikoa zela pentsatzen genuenok eta aitzakia bat eman diote lehentasunezko zeregin bat, zeregin guztiz justifikatua noski, eduki dezan. Lanera moteilak!
Demokraziagatik, euskaragatik, zer esanik daukagula uste dugun guztion duintasun pertsonalagatik, elkarbizitzaren gutxien gutxieneko bategatik, orain bai Euskaldunon Egunkaria ezinbesteko dugula. Indarkeriarik gabe, torturarik gabe noski.
Esan gabe neukan inoiz, esan beharrik ez neukan, esan ere ez nuen egin nahi. Beharrean gertatu naiz, jarri naute...".
---
Ramon Etxezarretak Egunero-n 2003ko martxoaren 7an idatzi zuen. Donostiako Udalean PSE-EEko zinegotzia zen orduan, Euskara eta Kultura batzordeburu.