"Zarautzen baietz Azpeitian baino gehiago!"

Oihana Elduaien ('Berria'-ko berriemaile berezia Madrilen eta 'Egunkaria'-ko langile ohia) 2009ko abe. 17a, 18:12

Iñaki Uriak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari egindako hitzak dira: “Zarautzen baietz Azpeitian baino gehiago!”. Horrela ibili ziren Egunkaria Sortzen elkartekoak Euskaldunon Egunkaria martxan jartzeko diru bilketa egiten ari zirenean. Herriz herri erronkak botatzen zizkioten elkarri, eta jakin bazekiten herri bakoitzean zenbat diru ari ziren biltzen. Gauza jakina zen diru bilketa nola egiten ari ziren.

Espainian ez dute ulertzen herritarren eskutik egunkari bat sortzeko dirua lor daitekeenik. Haiek ez baitakite hizkuntza gutxitu bat zer den, eta harekiko maitasunak zenbateraino inplika dezakeen jendea.

Epaiketaren lehen bi egunen ostean Madrildik bueltan, lanak ematen ditu ikusitakoa sinesteak. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Txema Auzmendi akusatuen aulkian eserita ikustea gogorra egiten da, eta are gehiago, fiskalaren iritziaren kontra, gorrotoak bultzatuta aritzen diren bi elkarteren (AVT eta Dignidad y Justicia) bultzada hutsez hara iritsi direla jakinda. Surrealismoa da nagusi Auzitegi Nazionalean eta, ETBko kazetari batek esaten duen bezala, komiki bat izan zitekeen, pertsonen etorkizuna jokoan ez balego.

Epaiketa gehiago ere ikusi izan ditugu auzitegi hartan. Maider Egiguren azpeitiarra han ari dira epaitzen egunotan. Auzitegitik espetxera joaten ikusi ditugu: Garikoitz Etxeberria Kafe, esate baterako. Eta epaiketa gehiago ere ikusiko ditugu, urtearen hasieran hasiko da besteak beste Miren Odriozola azpeitiarra epaituko duten Udalbiltza auzia.

Baina noiz arte jarraitu behar dugu gurpil zoro honetan? Egunkaria-ko auzipetuei elkartasuna adieraztera hainbat lagun gerturatu ziren epaiketako aurreneko egunean. Garzon epailea gosaltzen ari zen toki berean elkartu ziren guztiak, Auzitegi hartan izan diren euskaldunentzat aski ezaguna den Rio Frio tabernan. Elkartasuna agertzeaz gain, ezin al dute besterik egin han bildutako politikariek? Politikariekin ahaztu eta ekimena hartu behar al dugu herritarrok? Edo ekimen juridikoekin nola itotzen gaituzten begira jarraitu behar dugu?

Madriletik bueltan, treneko leihotik zuri ikusten da guztia:

Elurra teilatuan zakua lepuan,
ibili beharko degu aurtengo neguan (Auzitegitik bueltaka),
riau riau riau rakataplau
hau dek umoria!
Utzi alde batera euskaldun jendia!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide