Datorren igandean, abenduaren 27an, Donostiako Belodromoan Kirolharria, Euskal Herriko Kirolarien ekimena, egingo da. Azpeitiko Kirol Mahaiak bat egin du ekimen honekin eta ekitaldira joateko dei egin die herritarrei. Autobusa izango dute joan nahi dutenek eta izena kiroldegian edo igerilekuan eman behar da.
Ikuskizun berezia izango da igandekoa. Eneko Olasagastik zuzendutako bi orduko saioan kirolak, arteak, eta kulturak bat egingo dute: Koldobika Jauregi artistak bereziki diseinatutako harriarekin arituko dira harrijasotzaileak, Irati Anda eta Gorka Karapeto eskalatzaile azpeitiarrak belodromoko egitura eskalatzeko ahalegina egingo dute eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistak bertsotan arituko dira besteak beste.
Ekitaldi honekin honoko hau aldarrikatu nahi dute:
- Kirolari bezala, Euskal Herria aintzat hartuaz, euskal herritar gisara aritzeko aukera izatea lortzea.
- Nazioartean, taldeka edo bakarka, Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte hartzeko aukera izatea lortzea.
- Horretarako zazpi lurraldeetan kirolariak barnebilduko dituen "tresna" baten beharra aitortu eta hori sortzeko borondatea agertzea
Gaurkoz, 2016 kirolarik eman diote babesa ekimenari; horien artean 50 bat azpeitiarrek .