Betidanik izan du sokamuturrerako zaletasuna Iñaki Urkiak, eta gaur (San Sebastian egunez) aurreneko aldiz sokamutil bezala jardungo du: eguerdian eta arratsaldean. Baina aurten sansebastianetan, sokamutil bezala lehenengo aldiz irtetzeaz gainera, atzo danborradan zuzendari bezala ere estreinatu zen Amnistia taldean.
Nolatan sokamutil?
Zaletasuna betidanik izan dut sokamuturrean ibiltzeko. Sokamutil batzuk ezagutzen ditut eta aurten aukera eskaini didate haiekin hasteko. Aita ere sokamutil bezala ibilia da, eta horrek bultzatu nau zaletasunarekin batera baiezkoa emateko.
Aitak gomendiorik edo leziorik eman al dizu?
Ez, ez da horrelakoa. Poz handirik-eta ez dit adierazi, baina pentsatuko zuen egunen batean aterako nintzela, etxean askotan komentatu izan baitut irtengo nukeela.
Gaur jardungo zara aurreneko aldiz sokamutil bezala.
Bai, eguerdian eta arratsaldean, eta Inauterietan ere aterako naiz.
Gaur, orduan, egun osoan...
Bai, hala da, baina bestela ere hala ibiliko ginen. Igoal eguerdiko sokamuturrean ez, bezperako parrandaren arabera izaten baita hori. Baina ni gustura ibiltzen naiz zezenean.
Sokamuturreko lekurik gogokoena zein duzu?
Zezena ateratzen dutenean, Erdi kalekoa. Izugarrizko giroa izaten da Orkatz aurrean zezena noiz aterako zain.
Eta txarrena?
Azken urteetan alde zaharra orohar, Eliz kalea-eta. Nahiz eta udaletxetik esan karrerak eta irekitzeko, itxita egoten dira gehienak, eta sokamuturrean dabiltzanentzat ez da irteerarik gelditzen. Bestela sokamuturrerako leku txarrik ez dago, kale denek dituzte beren gauzak.
Inoiz sustorik izan al duzu?
Bai, batzuk bai, baina handirik ez. Iaz, saninazioetan, plazan izaten den sokamuturrean nik zezena engainatu beharrean, hark ni engainatu ninduen.
Soka egiten ikasi al duzu?
Ez, oraindik ez dut ikasi. Baina ikasi beharko dugu, erakusten badidate behintzat. Sokamutilek komentatu zidaten proba nik egindako sokarekin irtetea zela. Fidatzen baziren, aurrera, hori izan zen nik eman nien erantzuna.
Prestaketa berezirik egin al duzu sokarekin irteteko?
Ez, igoal egin beharko nuke. Baina lanetik berandu ateratzen naiz, danborradako entseguak... Egun hauetan denborarik gabe ibili naiz. Hala ere, iruditzen zait atzetik lau hankakoa datorrenean lasterka egingo dugula.