Ikasberri Krosa igandean, lokatza arteko "lehia ikusgarria"

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 6a, 14:01

Eskolarteko eta maila federatuko zortzi lasterketa jokatuko dituzte Goenako kanpan 10:15etik aurrera, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta

Krisia dela-eta diru saririk ez dute emango aurten, hamabigarren edizioan

Lokatza eta abiadura bat eginik. Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako krosa jokatuko dute hamabigarrenez igandean, Goenako kanpan. Probak aparteko aldaketarik ez du izango, baina krisialdiaren eraginez, diru saririk ez dutela banatuko jakinarazi du Ikasberriko kide eta antolatzaile Roman Azkuek.

"Babesleak lortzeko arazo ugari izan dugu, enpresa askok ezezkoa eman baitigu. Egoera horren aurrean, guk geuk ere soka estutu egin behar genuela ikusi dugu. Orduan, sariak ez ditugu dirutan ipiniko", zehaztu du Azkuek. Maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek oroigarria jasoko dute, eta txapela senior mailako emakumezko eta gizonezko irabazlearentzat izango da.

Antolatzaileek jakin badakite sari ekonomikorik ez izateak parte-hartzaile kopuruan eragingo duela, "batik bat, kanpotarren partaidetzan". Azkueren esanetan, "Euskal Herrian badago lasterketa guztiak irabazten dituzten korrikalari atzerritarrez osatutako taldetxo bat, Bizkaian erroldatutakoak eta federatutakoak. Aurten dirurik jarri ez dugunez, pentsatzen dugu ez direla etorriko".

Ondorioz, agian iragan urteetako mailarik ez da izango igandean. Baina, "txapela bertako korrikalarien artean jokatuko denez, lehia politagoa eta ikusgarriagoa" izango dela uste du Ikasberri Kirol Elkarteko kideak. Edonola ere, guztira 400 parte-hartzaile inguru izango dituztela aurreikusten dute antolatzaileek.

Zortzi lasterketa

Goizeko hamar eta laurdenean hasita, hainbat maila eta luzerako zortzi lasterketa izango dira igandean. Bertan eskolarteko gaztetxoek nahiz atletismoan federatuta korrikalariek hartuko dute parte. Antolatzaileek hiru itzuli antolatu dituzte lasterketarako, mailaren arabera konbinatuko dituztenak; itzuli txikia (510 metrokoa), ertaina (1.380 metrokoa) eta handia (1.730 metrokoa), alegia.

"Astean zehar egiten ari den eguraldia eta iganderako dauden kontuan izanda, senior mailako lasterketen garairako zirkuitu astun-astuna egongo da, lokatzez beteta", dio Azkuek. Eta gisa horretan, "lehia askoz ikusgarriagoa" izaten da. Zirkutuak, era berean, bi pendiz garrantzitsu ditu eta "benetako sufrimendua bertan antzematen da".

Eguraldi euritsuak lasterketa erakargarri bihurtuagatik, ikusle gutxiago gertuarazi ohi du. Dena dela, Ikasberrik deialdi berezia egin die herritarrei zein zaletuei animatzera joateko. Gainera, gerturatzen diren guztiei salda banatuko diete doan.

Ordutegia

10:15. Heldu, jubenil eta junior mutilak, 5.700 metro.

10:45. Heldu eta kadete neskak,2.760 metro.

11:00. Jubenil eta junior neskak eta kadete mutilak,4.140 metro.

11:20. Alebin neska-mutilak, 1.380 metro.

11:35. Infantil neskak, 1.890 metro, eta infantil mutilak, 3.270 metro.

11:55. Senior-promesa neskak, 5.700 metro

12:20. Senior promesa mutilak, 9.160 metro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide