Pasa den abenduaren 28an, Inuxente egunez, Udalaren etxebizitza politika partidista eta neoliberala salatzeko ekimena burutu genuen gazte independentistok, Udalak bere proiektuak interes pribatuen esanetara eta herritarrei bizkarra emanez egiten dituela agerian utziz. Egia azaleratzeko gezurra erabili genuen, Inuxente eguna zela aprobetxatuz. Udalak, ordea, Inuxente egunean dena ez dela zilegi dio, eta arrazoi du.
Ez da zilegi herriaren etorkizuna, promotoreen interesen menpe, ezkutuan hipotekatzea, ez inuxente egunean, ez eta urtearen gainontzeko 365 egunetan ere. Udala da herritarrak inuzentetzat hartu eta egunero gezurretan dabilena.
Ez da zilegi herriko munipak txakur lanetan jarri, eta gazteak kartel batzuk jartzeagatik identifikatzen ibiltzea. Errepresioa herriko kaleetara ekarriz, Ares edota Rubalcabaren pare jarri dira Udalekoak.
Gainera, gazteok "erabiliak" izan omen gara adin txikikoak garelako. Umeegiak omen gara gizartearen arazoez pentsatu edota salaketak burutzeko. Arazo politiko eta soziletaz pentsatuko ez duen gazteria nahi dute, beren negozio eta lapurreten aurrean itsu, gor eta mutu egongo dena.
Pentsamendu bakarraren bidetik irtetzen dena, terroristatzat jotzen dute, euren aurka errepresio molde ezberdinak (identifikazioak, torturak edota espetxea), helburu berarekin erabiliz:herri honetako gazteria kikiltzea, hau da, euren eskubideen alde borrokatuko ez duen gazteri sumiso bat lortzea.
Inuxente halakoak euskal gazteria beldurtzea pentsatzen dutenak. Erasoak eraso, boterearen "txantxullo" eta negozioak salatzen jarraituko dugu. Irudimenez boterea zirikatuz, gure mendekua irrifarrea izango da.