Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak Urola Kostako landa eremuko ekimen edota jarduera berritzaileak saritzeko lehiaketa jarri zuen martxan joan den azaroan. Horrelako ekimen bat antolatu duten aurreneko aldia izan da. Egitasmoak aurkezteko hilabeteko epea jarri zuten eta abenduren 15ean bukatu zen. Urkomen hamasei egitasmo jaso dituzte, eta "kalitate handikoak" direla esan dute.
Sei ataletan banatuta hamabi sari emango dituzte. Atal bakoitzean bi mila euroko lehen saria eta mila euroko bigarren saria banatuko dituzte. Saritutako egitasmoak zeintzuk diren hil honen bukaeran edota otsailaren hasieran jakinaraziko dituztela adierazi dute Urkomekoek. Baina, atal horietako bat irekia da, hau da, bozto bidez erabaki beharrekoa. Hori erabakitzeko aurrez egitasmo onenen berri emango dute, jendeak bozka bidez gustukoena aukeratzeko.