Azpeitiko ezker abertzaleak manifestazioa deitu du hilaren 13rako

Uztarria.eus 2010ko ots. 1a, 12:02

Azpeitiko ezker abertzalea manifestaziorako deialdia egiten.

Plazatik abiatuko da, 19:00etan

"Eraikitzen" ari diren herria aldarrikatu nahi du ezker abertzaleak; "Azpeitia berria"

Urtebete igaro da Azpeitiko EAJk ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta Udalak onartu zuenetik. Ezker abertzaleak urtebete horren balorazioa egin du eta, besteak beste, EAJ Udal Gobernutik oposizioa egiten ari dela uste du. Egoera hori salatzeko otsailaren 13an (larunbata), 19:00etan, plazatik abiatuta egingo den manifestaziorako deia luzatu du.

Ezker abertzalearen arabera, "alkatetzatik eskubide guztiei babes eraginkorra emango ziotela agindu zuten, eta ez da horrela izan". Horrez gain, salatu du EAJk ezker abertzalearen proiektu politikoa "zentsuratzen jarraitzen" duela eta horretarako "udaletxeko langileak erabiltzen" dituela.

Gaur egun, Azpeitian hirigintza arloan dauden arazoak "EAJk sortutako gatazka urbanistikoak" direla diote, eta arazo horiek "herritarrongan ondorio larriak" eragingo dituztela adierazi dute. Arazo guztiak, "30 urtez promotoreen interes ekonomikoen mesedetan egindako politikaren ondorioa" dela uste du ezker abertzaleak.

Egoera horren aurrean ezker abertzaleak lan politikoa egiteko duen eskubidea aldarrikatu nahi du: "Herritik eta herriarentzat lan egingo duen Udala, irekia eta parte-hartzailea aldarrikatzen dugu". Eurek proiektu ezkertiar eta abertzalea gauzatu nahi dutela jakinarazi dute; "eraikitzen ari garen herria, Azpeitia berria, aldarrikatu nahi dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide