Hamaikabat alderdiak egoitza zabalduko du, Eliz kalean

Uztarria.eus 2010ko ots. 2a, 18:02

Elizkaleko lokal honetan izango du egoitza Hamaikabat alderdiak (UZTARRIA)

Garai bateko Uztarri bodegoia zegoen tokian egongo da

Oraindik datarik ez badute ere, asmoa "ahal den azkarren irekitzea" dela azaldu dio Uztarriari Jabier Beobidek

Hamaikabat (H1!) alderdiak laster izango du egoitza Azpeitian. 2009an Eusko Alkartasunatik alde egindako hainbat lagunek osatu duten alderdi berriak Eliz kalean irekiko du egoitza, garai bateko Uztarri bodegoia zegoen tokian —alokairuan hartu du—; Zokoa elkartekoek behin-behineko egoitza moduan erabili izan dute orain dela gutxi arte.

H1!-ekoak hainbat herritan ari dira egoitzak prestatzen, eta horietako bat izango da Azpeitikoa. Jabier Beobide EAko zinegotzi ohia eta Hamaikabateko kideak uztarria.com-i azaldu dio asmoa egoitza "ahal den azkarren irekitzea" dutela. "Baimen kontuekin-eta" dabiltza uneotan eta oraindik ez dute zehaztuta irekiera data.

Beobide, bailarako ordezkari

Hamaikabatek une honetan Azpeitian zenbat afiliatu dituen ezin dutela zehaztu dio Beobidek: "Zatiketa batetik gatoz, eta oraindik ez gara hasi kontu horrekin. Hori bai, alderdiari laguntzeko bi era egongo dira: afiliatu bezala eta kolaboratzaile bezala".

Beobide bera izendatu dute Hamaikabateko bailarako ordezkari gisa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide