Besteen doinuak bertakoek jota

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 5a, 12:02

Bertsio Gauean gazteek gustuko dituzten taldeen doinuak joko dituzte Gaztetxean. (Olatz Prat)

Gazte Independentistek Bertsio Gaua antolatu dute Aste Santuko ekitaldien aurkezpen jaialdirako

Azpeitiko Gazte Independentistak hasi dira Aste Santutan urtero egiten duten topaketarako egitaraua prestatzen. Bi aste lehenago aurkezpen ekitaldia egin ohi dute eta aurten, ekitaldi horretarako beste proposamen batekin datoz: "independentzia eta sozialismoaren proiektuarekin bat egiten duten gazteentzat" Bertsio Gaua antolat dute. "Gazteok biltzeko eta asko garela erakusteko", antolatzaileen esanetan.

Herriko musika taldeetako kideei eta edozein musika tresna jotzen dakien edonori dei egin diete lagunartean biltzeko, edozein talderen kanta batzuk prestatzeko eta martxoaren 20an, Bertsio Gauean, Gaztetxeko oholtzara igotzeko.

Guztientzako ekitaldia

Ekitaldiaren helburua gazteek parte hartzea eta ongi pasatzea dela adierazi dute antolatzaileek; baina baita parte hartuz independentziarekin bat egitea ere. "Ez dugu musikari trebeek soilik parte hartuko duten jaialdi elitista bat izatea nahi, gure helburua ahalik eta gazte gehienek parte hartzea da", diote.

Bateria, anplifikagailuak eta mikrofonoak antolatzaileek ipiniko dituztela jakinarazi dute, beraz, parte-hartzaileek beren musika tresna bakarrik eraman beharko dute.

Bertsio Gauean parte hartu nahi duten talde edo bakarlariek Orkatz eta Txarrantxa tabernetan eman ahal izango dute izena. Bestalde, jaialdia antolatzeko eta guztia koordinatzeko, talde bakoitzeko ordezkari banak Gaztetxera joan beharko du, martxoaren 10ean, 19:00etan

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide