Uztarria Kultur Koordinakundearen ibilbidea ikertuko du Huhezik

Uztarria.eus 2010ko ots. 5a, 14:02

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ustez, Azpeitiko elkartearena "esperientzia praktiko ona eta eredugarria" izan zen

Lorea Agirre lanaren egileetakoak koordinakundean aritutako bi lagun elkarrizketatu ditu (bideoan ageri dena da Agirre)

Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak (1998-2008) izan zuen ibilbidea ikertzea erabaki du, honek "esperientzia praktiko ona eta eredugarria" izan zuela iritzita. Lorea Agirre da Huheziko lanaren egileetakoa (bideokoa da), eta atzo (osteguna) bi orduz elkarrizketatu zituen koordinakundean aritutako bi lagun: Iban Arregi eta Enekoitz Esnaola.

Huheziko Sorguneak Ikertegiak egingo du lana, eta maiatzean jakinaraziko dituzte emaitzak. Unibertsitate irakasle, idazle eta Egunkaria eta Berria-ko kazetari ohia da Lorea Agirre.

Uztarria Kultur Koordinakundea 1998ko martxoan sortu zuten Azpeitiko euskara eta kultur talde askok eta euskararekin, kulturarekin eta informazio-komunikazioarekin zerikusia duten norbanakoek. Kultura, euskara eta komunikazioa hartu zituzten lanerako ardatz. 2008ko martxoan utzi zion Uztarriak kultur koordinakunde izateari, "helburuak beteta". "Herrian dagoeneko badira bilgune zabalak, proiektu estrategikoak eta baliabideak, eta herriko euskara eta kultur mahaien garaia da. Uztarriak Komunikazio Talde baino ez du segituko", zioen.

Koordinakundeari buruzko informazio dena, hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide