Adolf Hitlerren gobernuan izan zen propaganda ministro bat, Goebbels izenekoa, gezur bat hamaika aldiz esateak egia bihurtzen zuela esaten omen zuena. Eta horretan saiatu zen ahal izan zuen bitartean.
Pankartak eta kartelak agertu dira asteburu honetan Azpeitian. Komunikabideak ere dantzatu dituzte, esateko EAJ urtebete honetan zentsuratzen ari omen dela. Hitz joko polita da orain urtebete Azpeitiko udalean sartu zen zentsura mozioaren aitzakia hartu, eta zentsuratzen ari garela esatea, baina hari-haritik hartutako konparazioa da, azterketa serio minimoena jasaten ez duena.
Izan ere, "ezker abertzale" izenekoari gauza bat ahazten zaio: zentsura mozioa sartu behar izanaren arrazoia. Agian ahaztu egin zaie arrazoia, baina kontua da pertsona bat erail zutela Azpeitian, eta "ezker abertzale" izeneko horrek ez zuela izan gertaera anker eta tamalgarri hori kondenatzeko ausardiarik. Hori zer da, autozentsura? Edo pertsona horren erailketa ez dela garrantzitsua beraientzat? Duintasunik ez izate horrek bultzatu gintuen zentsura mozioa sartzera, Azpeitiko herriak -eta herritarrek- ordura artekoa baino gobernu duinagoa behar zutela uste genuelako.
Baina ez dirudi oso gustuko gertatu zitzaionik "ezker abertzale" izenekoari udal gobernutik alde egin beharra. Ordu ezkero, udal gobernu berriaren lana alde guztietatik oztopatu nahian dabil, EAJren gobernuak ezer aurrera ateratzeko aukerarik izan ez dezan. Adibideak ugariak dira, baina hor ditugu Etxebeltz-Izarrako etxebizitzei eman zekiekeen irtenbide duin eta erraza, edota Soreasuko kultura eta gizarte ekipamendua aurrera ateratzeko jartzen ari diren aitzakia guztiak, edota Azpeitia Lantzen beraien "kortijo" moduan hartzea. Hori al da herriaren alde aritzea?
Espero dezagun datorren urteko hauteskundeetan EAJk berriro herritarren konfiantza lortu, bozka ugari atera eta gehiengo egoki bat lortzea, Azpeitiaren eta azpeitiarren aldeko zerbitzuan jarraitzeko, inoiz galdu behar izan ez zen lan-ildo bat berreskuratuz.
Eta esandakoa: gezur bat hamaika aldiz errepikatzeak ez du egia bihurtzen