Pankartak kentzeagatik azalpenak eskatu dizkio ezker abertzaleak alkateari

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 6a, 17:02

Hainbat lagun osteguneko udalbatzarrera joan ziren, protesta egitera; gero, batzar aretotik irten ziren hautetsi independentistak

Ezker abertzaleak "lan politikoa egiten uzteko" eskatu du

Herenegun iluntzean otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuten eta, bilkura hastera zihoala, ezker abertzaleko hainbat kide heldu ziren udaletxeko batzar aretora. Lurrean pankarta bat zabaldu, zinegotziei eskuorriak banatu, beste pankarta bat zabaldu, eta hitza hartu zuten. Ezker abertzaleak jarritako pankartak eta kartelak "egunero" kentzen dituztela salatu zuten ezker abertzalekoek behin eta berriz. Zeregin horretan udaletxeko langileak eta ertzainak dabiltzala adierazi zuten.

Julian Eizmendi alkateari (EAJ) horren aurrean zer zuen esateko eta jarrera horrekin jarraitu behar al zuen galdetu zioten. Udaletxeko langileei ezker abertzaleko kartelak kentzeko alkateak agindu al zien galdetu zuten: "Izan ere, udaletxeko langileak dira guk jarritako kartelak kentzen dituztenak, hori agindua jaso dutelako egiten dute". Euren pankartak kentzea "dinamika iraunkorra" dela ere esan zuten. "Ez da azken egunotakoa, aspalditik datorren kontua da. Baina azkenaldian gertatzen ari dena jasangaitza da", kexatu ziren. "Lan politikoa egiten uzteko" eskatu zuten.

Plaza Txikiko horma garbi

Alkateak Plaza Txikiko horma garbi mantentzeko agindua emanda duela azaldu zuen, eta ertzainen gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokiola. Besterik ez zuela esateko azaldu zien udalbatzarrera azaldutakoei.

Horren aurrean, ezker abertzalekoek adierazpen askatasunerako eta torturak salatzeko eskubidea dutela berretsi zuten udaletxeko aretoan.

Ondoren, IƱaki Errazkin hautetsi independentistak adierazi zuen eurak ere Udalaren parte direla eta ez daudela ados EAJk hartutako jarrerarekin. "Kritika politikoa egiteko eskubidea dugu, iritzi askatasunerako eskubidea, baita torturak salatzeko eskubidea ere. Gainera, torturak salatzea eskubidea izateaz gain betebeharra ere izan beharko luke".

EAJko zinegotzien eta udaletxera joandako ezker abertzalekoen eztabaidak jarraitu egin zuen. Orduan, udalbatzarrari ekiteko eskatu zion alkateak udaletxeko idazkariari. Baina eztabaidak jarraitu egiten zuen, eta egoera horretan udalbatzarrak aurrera egitea ezinezkoa zela ikusita, protesta uztea erabaki zuten hautetsi independentistek. Hala, aretotik irten ziren.

Gero, udalbatzarrak jarraitu egin zuen eta aztergai ziren bi gaiak bozkatu zituzten gainontzeko zinegotziek.

"Larria eta salagarria"

Herenegungo udalbatzarrean gertatutakoaren harira ohar bat kaleratu zuen atzo ezker abertzaleak. Han diotenez, "oso larria" da alkateak ezker abertzaleko kartelak eta pankartak kentzeko agindua ematea. "Aginte makila hartu zuenean herritar guztien eskubideak defendituko zituela esan zuen. Eizmendik adierazpen askatasuna eskubide horien artean ez duela kokatzen ulertu behar al dugu aurrerantzean?", adierazi dute. Udaletxeko langileak "kartelak kentzeko erabiltzea larria eta salagarria" dela uste dute.

Osteguneko udalbatzarrean, alkateari "adierazpen askatasuna bermatzeko konpromisoa" eskatu ziotela esan dute ezker abertzalekoek. "Baina, beti egiten duen moduan eztabaida ekidin eta aurrerantzean ere unean uneko erabakiak berak hartuko dituela iradoki zuen alkateak", salatu dute. EAJri deia egin diote giro honekin bukatzeko eta aurrerantzean lan politikoa normaltasunez jorratzeko aukera egoteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide