Ezker abertzalearen ustez, 700. urteurrena ez da ospatzeko unea, oroitzekoa baizik

Uztarria.eus 2010ko ots. 10a, 13:02

Ezker abertzaleak dio "galderak egiteko balio" dutela urteurrenek

Orainari eta etorkizunari "ganoraz" heltzeko, iragana ondo ezagutzen saiatu beharra dagoela uste du

Azpeitiak duela 700 urte jaso zuen herri-gutuna dela-eta Azpeitiko ezker abertzaleak "ospatzeko unea" ez dela uste du, "gogoratzekoa baizik". "Hala irizten genion Udaleko gobernuko ardura genuenean, eta baita orain oposizioan gaudela ere". Ezker abertzalearen iritziz, "galderak egiteko balio dute urteurrenek, eta orainari eta etorkizunari ganoraz heldu nahi bazaio, iragana ondo ezagutzen saiatu beharra dago".

Azpeitia ez zela Euskal Herri libre batean sortu, eta gaurdaino ez duela lortu Euskal Herri libre batean bizitzea uste dute. Ezker abertzaleak libre izatea independentzia eta sozialismoarekin lotzen du.

Ezker abertzalea, "herritarren parte-hartzea sustatzen saiatu izan da beti eta horren erakusle dira Kultur Mahaiaren berpiztea batetik, eta 700. urteurreneko antolaketa batzordea martxan jartzea bestetik".

Herrian ikerketa eta historiaren zabalkundean herritarrek eta Udalak ahalegina egiteak "garrantzia handia" duela uste du. Horregatik, 700. urteurrena "aurrera egiteko akuilu bezala" baliagarria izango delakoan dago.

"Kultura besterik gabe onartu beharrean, herriko kultur jardunean zuzenean parte hartzeak, eta iraganaz zein orainaz hausnartzeak libreago egingo gaitu", gaineratu du ezker abertzaleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide