"Herrigintzan" jarduteko konpromisoa berretsi du ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 11a, 11:02

Azpeitiko ezker abertzalekoak herenegun Sindikatu Zaharrean. (Nerea Uranga)

Ezker abertzaleak dioenez, "herritarren eguneroko beharren alde" jarraituko du lanean

Benetako aldaketa politikoa herritik etorriko dela uste du ezker abertzaleak, eta ez bulegotik

Azpeitiko ezker abertzaleak "oztopoak oztopo, herritarrentzat eta herritarrekin lanean" jarraituko duela berretsi du, herenegun egindako agerraldian. "Orain dela urtebete alkatetzatik bota bagintuzten ere, herri interesen mesedetan, hamaika egitasmo aurrera ateratzeko gai izan gara", esan dute. "Bidea eginda" dutela, eta "Azpeitia berria" eraikitzeko lan horretatik "ez ezerk eta ez inork" ez dituztela aterako azaldu dute. "Herri bizi, sortzaile eta dinamikoan" sinesten dutelako.

EAJk alkatetza hartu zuenetik, "Udalean funtzionamendu demokratikoa bermatzeko" lan egin dutela diote ezker abertzalekoek. "Udalean gehiengoak ahalbidetu ditugu, dagoeneko abian zeuden proiektuak aurrera atera eta berriak martxan jartzeko", esan dute. "Horrez gain, herrian martxan dauden talde eta arloetako mahaien beharrak eta iritziak Udalean isla izan dezaten "lan egin dugu". Hainbat egitasmo jarri dituzte horren adibide: San Martin egoitza eraberritu eta handitzea; eguneko zentro berria; Garmendiko; Sanjuandegiko eta Jose Artetxeko hirigintzak; kanpoko igerilekuaren zati bat estaltzea; Sanagustinen kultur erabilera anitzerako egokitzapena ahalbidetzea; haur parke estalia;, Urrestillan herri eskola eta aisialdi guneak berreskuratzeko lokalak eraberritzea; Kutxarekin liburutegiaren handitzea bultzatzea; nazio eraikuntzarako diru bat bideratzea Udal aurrekontutik; festa herrikoi eta partehartzaileak bultzatzea; herri gutuna jaso zeneko 700. urteurrena dela-eta herritarrek parte hartzeko gunea sortzea; baserriko produktuak merkaturatzeko azterketa egitea EHNErekin; eta, Udalean Parekidetasun Saila sortzea.

"Aldaketa, herritik"

Benetako aldaketa politikoa herritik etorriko dela uste du ezker abertzaleak, eta ez bulegotik. "Bai alkatetzan geundenean, eta bai orain, eragileekin batera herrigintzan jardutea izan da gure lan nagusia". EAJ Udal Gobernuan egoteak arloetako mahaien dinamika ez duela laguntzen kritikatu dute: "Hori ez da EAJren eredua".

Etxebeltz-Izarra eremuko "gatazka urbanistikoa" gainditzeko hainbat proposamen egin eta onartu dituztela ere adierazi dute ezker abertzalekoek. "Esaterako, arazo judirikoa konponbidean jarriz, udalbatzarrean plan orokor berri bat egitea erabaki genuen, EAJren abstentzioarekin", diote. Irailetik hona, lur eremu horretako sustatzaileen jarreraren aurrean, "Udalean lan egin" eta "akordio on bat" lortu dutela ere esan dute. Hirigintzan ere "herritarrek egunerokotasunean dituzten beharretan oinarritutako irtenbideak" bultzatuko dituztela iragarri dute. "Herri eredu berria eraikitzen jarraitzearen alde", larunbaterako antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 19:00etan irtengo du plazatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide