Bigarren fasea gaur hasiko du Lan Mobel ISBk, Galizian

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 13a, 16:02

Sailkapeneko hirugarren postuan hasiko du bigarrengoa; lehen seiak sailkatuko dira

Azkeneko albistea (otsailak 14). 58-70 irabazi dio Xiriari

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko EBA Ligako Lan Mobel ISBk gaur (larunbata) jokatuko du denboraldiko bigarren faseko lehen partida, Coruñan (Galizia), Basket Xiriaren kontra. 19:00etan hasiko dute norgehiagoka, Carballoko kiroldegian.

Lehen fasea sailkapeneko aurreneko postuan bukatu du Lan Mobel Iraurgik. Baina bigarren fasea sailkapeneko hirugarren postuan (bost garaipenekin eta hiru galdutakorekin) hasiko du. Sailkapenaren lehen muturrean Oviedo (zazpi garaipenekin eta galdutako batekin) eta Chantada (sei garaipenekin eta bi galduta) daude. Aurrena dauden bi talde horiek aurreko denboraldia maila bat gorago jokatu zuten, LEB Brontzean.

Lan Mobel ISB saskibaloi taldearekin batera bere multzoan beste lau talde igaro dira lehen fasetik bigarrenera: Estela, Zamora, Aurteneche eta Valladolid.

Iraurgikoek talde "polita" dutela dio Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak. "Ondo ikusten dut taldea. Baina lehen faseko aurkari izan ditugunak ez dira oso gogorrak izan eta nahiko partida arinak jokatu dira", dio. "Beste taldekoek erritmo gogorragoa izan dute eta orain hasiko dugun fase honetan haietako batzuk izango ditugu aurkariak", dio.

Galiziarrak aurkari gogorrak

Aurreko denboraldian Lan Mobel Iraurgik Igoera Fasea jokatu zuen. "Orduko abiapuntua du taldeak, baina oraingo denboraldian sistema berria da", azaldu du Xubik. "Lehiakide gogorrak izango ditugu fase berri honetan, Galiziako taldeek inbertsio handiak egin dituzte jokalariekin eta nik hobeto ikusten ditut", adierazi du.

Bigarren fasean lehenengo sei postuetan sailkatzen direnek igoerako fasea bermatuta izango dute -hamar talde dira denera-. Iraurgiko taldea lehen seietan sartzeko gai dela uste du Iraurgikoak.

Lehen taldeaz gainera, beheko mailetakoak ere lan ona egiten ari dira denboraldi honetan. Autonomika mailako Lizuan.com ISB mutilen taldea lehena doan taldearekin berdinduta dabil. Gaur Atleticoren kontra jokatuko dute, 19:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Nesken Senior mailako taldea lehen postuan sailkatu da eta Igoera Fasea jokatzeko aukera gertu du.

Azkeneko albistea (otsailak 14). 58-70 irabazi dio Xiriari Iraurgi Lan Mobelek irabazi egin zion atzo (larunbata) arratsaldean Basket Xiriari: 58-70. Partida osoan joan zen aurretik. Joseba Ibargutxi basea izan zen Iraurgiko saskiratzaile nagusia: hamabost puntu sartu zituen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide