Urtebetean 29.000 erabiltzaile izan ditu Udal Liburutegiak

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 13a, 16:02

Iaz 455 lagun egin ziren Enparan Dorretxean dagoen liburutegiko bazkide; gaur egun 3.055 ditu

Erabiltzaile gehienak helduak eta emakumeak izan ziren

Joan den urtean Udal Liburutegian jasotako datuen berri eman dute bertako arduradunek eta iaz 29.431 lagunek erabili zuten liburutegiko zerbitzua. Horietatik gehienak helduak eta emakumeak izan ziren; erabiltzaileetatik %61 helduak izan ziren eta %55 emakumeak. WIFI zerbitzua 729 lagunek erabili zuten Enparan Dorretxeko liburutegian.

Bazkidetzan ere igoera nabarmena izan dute. Iaz, 455 bazkide berri egin zituen Udal Liburutegiak eta gaur egun 3.055 bazkide ditu. Horietatik 281 helduak dira, 170 emakumezkoak eta 111 gizonezkoak. Bazkideen %38a haurrak dira.

.29.071 mailegu

Erabiltzaile gehienak helduak badira ere, haur eta gazteen atalean egin dituzte mailegu gehien. Guztira, 29.071 mailegu egin zituen 2009. urtean Udal Liburutegiak eta horietatik %51,75 haur eta gazteen atalekoak izan ziren. Helduen atalekoak maileguen %46,10a izan zen.

Mailegu utzitako liburuen eta ikusentzunezkoen artean gaztelerazkoak izan ziren gehienak; hain zuzen ere, 14.755 mailegu gaztelerazkoak izan ziren iaz. Euskarazko maileguak 13.252 izan ziren eta ingelerazkoak 520.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide