Luis Amenabar enpresaria auzipetu du Garzon epaileak

uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 17a, 13:02

"ETAren estortsioa ez salatzea" egotzita auzipetu dute azpeitiarra

Amenabarrekin batera, Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño ahizpa oriotarrak ere auzipetu egin dituzte

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Luis Amenabar enpresari azpeitiarra auzipetu zuen atzo (otsailak 16, asteartea), "ETAren estortsioa ez salatzea" egotzita. Azpeitiarrarekin batera, Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño ahizpa oriotarrak ere auzipetu ditu Garzonek; horien kasuan, ETAri borondatez 6.000 euro ordaindu izana leporatu die.

Ondorioz, deklaratzera deitu ditu hirurak. Datorren astean aurkeztu beharko dute epailearen aurrean Espainiako Auzitegi Nazionalean; ostegunean 11:00etan, hain zuzen ere.

Duela bi urte hasi zuen operazioa Garzonek, eta ia hogei enpresari deitu zituen deklaratzera. Orain hiru inputatu ditu, hirurak eskualdekoak. Izan ere, gainerakoen ustezko delituek dagoeneko preskribatu dutela ebatzi du.

Bruño ahizpak 2008ko ekainean atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta enpresako arduradunei beren borondatez ETAri 6.000 euro ordaindu izana leporatuta. Garzonen arabera, ETAko kide batzuei atzemandako eskutitz batean agertzen da haien izena, eta ETAk "eskerrak" ematen dizkie egindako diru ekarpenagatik. Ondorioz, Garzonek dio beren borondatez ordaindu ziotela diru kopurua erakunde armatuari. Bruño ahizpek hori egin izana ukatu zuten, eta "estortsioa" pairatu zutela salatu. Amenabarren kasuan, "ETAk egindako estortsioa" salatu ez izana leporatzen dio epaileak. ETAren estortsio gutunak jaso eta haien berri ez emateagatik auzipetu dute.

"Borondatez ordaintzea"

Garzon epaileak Blanka eta Maribel Bruño ahizpak espetxeratzeko agindua eman zuen 2008ko ekainaren 12an, "ETAri laguntzea" eta "borondatez 6.000 euro ordaintzea" leporatuta. Deklarazioa hartzerakoan, Bruño ahizpek onartu egin zuten 2003ean eta 2005ean iraultza zerga eskatuz ETAren bi gutun jaso zituztela, 120.000 euro eta 30.000 euro eskatuz hurrenez hurren. Hala eta guztiz ere, jarraian ziurtatu zutenez, gutunak hautsi egin zituzten. Beraz, ukatu egin zuten iraultza zerga ordaindu izana eta ondorioz ETAri dirua bideratu izana.

Epailearen aurrean deklaratu ondoren, epaitegiko fiskal Dolores Delgadok bi ahizpak baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuen, "ihes egin" eta "justiziaren lana oztopatu" zezaketela iritzita. Bost astez Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxean egon ondoren, 2008ko uztailaren 7an atera ziren kalera, 20.000 euroko berme bana ordaindu ondoren.

Luis Amenabarri dagokionez, Guardia Zibila Zarauzko Amenabar eraikuntza enpresaren egoitzara sartu zen 2008ko uztailaren 22an, eta paperez beteriko bizpahiru kaxa berarekin eraman zituen. Amenabarrek ETAri iraultza zerga ordaindu zion ikertzeko egin zuen operazioa; memento hartan, ordea, ez zuten atxilotu. Eraikuntza enpresako zuzendaritzako kide batek gezurtatu egin zuen egun haietan ETAri iraultza zerga ordaindu izana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide