Badator V. Erniarraitz Sariketa

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko ots. 18a, 11:02

Bihar egingo dute lehen kanporaketa, 22:00etan, Azpeitiko Betherrametan

Biharkoan sei bertsolari ariko dira kantuan, horien artean, Eneritz Arzallus errezildarra

Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketa bihar egingo dute, 22:00etan, Azpeitiko Betherrametan. Sei bertsolari ariko dira oholtza gainean, seirak 22 eta 18 urte artekoak: Alaia Martin, Maddi Gallastegi, Eneritz Arzallus, Arnaitz Lasarte, Beñat Iguaran eta Endika Igarzabal. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Beñat Lizasok jardungo du.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak hamar urte bete ditu aurten, eta horren baitan Bertso Asteaz gainera V. Erniarraitz Sariketa ere antolatu ditu.

Elkarteak 2002an antolatu zuen lehen aldiz Erniarraitz Sariketa. Ordutik, bi urtetik behin egin dute. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte guztira. Azpeitiar bat izango da oholtzan, Josu Oiartzabal Xenpelar, eta bi errezildar ere bai; Eneritz Arzallus eta Nekane Zinkunegi. Lehenengo kanporaketan Eneritz Arzallus errezildarrak kantatuko du. Arzallusi parte hartzeko duen gogoaz galdetuta "aspaldi aritu gabe nagoenez, ikusteko dago zer egingo dudan", azaldu du.

Biharkoa lehen kanporaketa baino ez da; beste bi kanporaketak Azkoitian eta Errezilen izango dira datozen asteburuetan. Kanporaketa bakoitzean sei bertsolari ariko dira. Finala martxoaren 12an izango da, Azpeitiko Gaztetxean. Kanporaketetako irabazleak eta puntu gehien lortzen duten beste hiru lehiatuko dira finalean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide