Velarde nagusi V. Erniarraitz Sariketako bigarren saioan

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 1a, 10:03

Giro polita sortu zen ostiralean Azkoitiko Kultur Etxean egindako bigarren kanporaketan. (Irene Elorza)

.V. Erniarraitz Sariketako ostiraleko kanporaketan saio polita eginda, finalerako txartela lortu zuen zumaiarrak

Datorren ostiralean hirugarren eta azken saioa jokatuko da Errezilen

Ostiral gauean jokatu zuten V. Erniarraitz Sariketako bigarren kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako jaialdiaren bigarren saioan, Maialen Velarde 21 urteko zumaiarra nagusitu zen eta finalerako txartela lortu zuen. Martxoaren 12an, Azpeitiko gaztetxean jokatuko den finalerako sailkatu den bigarren emakumea da Velarde, Alaia Martin oiartzuarrarekin batera.

Velardez gain, ostiraleko saioan aritu ziren, Mikel Olaizola elgoibartarra eta Alegiako Mikel Artola, eta eskualdeko beste hiru bertsolari: Hodei Iruretagoiena zarauztarra, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Josu Oiartzabal Xenpelar azpeitiarra.

Kultur Etxeko aretoa bete egin zen, 120 lagun inguru bildu ziren bertan eta guztiek adi-adi entzun zituzten bertsoak, bertsolarien lana errespetatuz; txaloekin soilik hautsi ziren bertso osteko isiluneak.

Jokoa eman zuten gaiek

Asmatu zuen Leire Ostolazak gaiak jartzerakoan; izan ere, orekatuak ziren eta jokoa eman zuten. Egoera latz zein dibertigarrietan ipini zituen bertsolariak Ostolazak.

Mendian galduta, 112ra deitu duenaren azalean jarri behar izan zuten; aita alarguna parrandero bilakatu zaion semearen papera betye behar izan zuten; INEMeko bulego aurrean langabezian dauden ama-alabak irudikatu behar izan zituzten; baita semaforoa gorriz pasa eta isunaren harira txofer zihoan mutilaren eta autoaren jabe den neskaren arteko hika-mika ere.

Pertsonen azalean ez ezik, bi txakurren azalean ere jarri behar izan zute bertsolariek, bata kalean utzita dagoen txakur gosetia zen, bestea baserrian katez lotua dagoena.

Puntuan Izarraitz izan zuten hizpide, Izarraitzi begira jartzean sentitzen zutena azaldu behar izan zuten bertsolariek.

Saio polita izan zen, orekatua. Velardek lanak ongi eginda ekarri zituen etxetik. Urduritasunak puri-purian izan zituzten guztiek, baina zumaiarra ikusten zen patxadatsuenen. Bertsolari gazteak eta jende aurreko esperientzia gutxikoak izanik ere, momentu politak eskaini zituzten sei bertsolariek.

Datorren ostiralean azkena

Datorren ostiralean, martxoaren 5ean, egingo dute V. Erniarraitz Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa. Bertan parte hartuko dutenak honakoak dira: Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Aritz Garin, Silvia Etxaniz azkoitiarra, Nekane Zinkunegi Errezildarra eta Julen Agirre. Gai-jartzaile Haritz Etxeberria Ministro ariko da. Errezilen izango da saioa, 22:00etatik aurrera, Borondegin.

Sailkapena

.1.- Maialen Velarde (Zumaia, 21 urte). 228 puntu

.2.- Hodei Iruretagoiena (Zarautz, 20 urte). 205 puntu

.3.- Mikel Artola (Alegia, 20 urte). 201 puntu

.4.- Josu Oiartzabal (Azpeitia, 21 urte). 195 puntu

.5.- Eneritz Artetxe (Azkoitia, 19 urte). 193.5 puntu

.6.- Mikel Olaizola (Elgoibar, 18 urte). 183 puntu

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide