Joseba Otaegi nagusitu zen atzoko apustuan

Uztarria.eus 2010ko mar. 1a, 12:03

Joseba Otaegi eta Alex Txikon aizkoran.

Ordubete eta 22 minutuan amaitu zuen apustua Joseba Otaegik

Aizkoran atera zion aldea Otaegik Txikoni

Joseba Otaegi zizurkildarrak irabazi zuen atzo, igandea, Alex Txikon lemoarraren aurka jokatu zuen apustua, Azpeitiko zezen plazan. Atzo eguerdian ziren jokatzekoak, baina haizea tarteko, arratsaldeko 17:00etan hasi zen apustua. Joseba Otaegi zizurkildarrak ordubete eta 22 minutu behar izan zuen garaipena lortzeko.

Jokalari bakoitzak 25 altxaldi egin zituen 100 kiloko zilindroarekin. Ondoren, hamalau kana-erdiko moztu behar izan zituzten eta amaitzeko, zazpi kilometro egin zituzten korrikan. Otaegik aizkoran atera zion aldea Txikoni. Otaegik aizkorako proba amaitu zuenean, Txikoni hiru kana-erdiko falta zitzaizkion korrikan hasteko. Irabazleak 7.000 euro irabazi zituen.

Lehengo urtean, martxoaren 3an, beste apustu bat jokatu zuen Alex Txikonek Azpeitiko zezen-plazan. Orduan, Joxe Felix Zubizarreta azpeitiarrarekin lehiatu zen aizkoran eta etxekoa atera zen garaile. Joseba Otaegik ere ezagutzen du Azpeitiko zezen-plaza: iazko maiatzean Josu Aizpuru Errekalde-rekin neurtu zituen indarrak, eta Otaegik irabazi zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide